Zinemak izar bat galdu du: Daniel Day Lewisek antzezpena uzten duela iragarri du

Zinema Uneak - 2017-06-21T14:46:07+02:00

Variety aldizkariak zabaldu du berria eta laster baieztatu egin da: aktorerik onenaren mailan hiru Oscar sari irabazi dituen antzezle bakarrak erretiroa hartuko du. Oraindik estreinatzeke duen Phantom Thread filmaren promozioan parte hartu eta gero Daniel Day Lewisek agur esango dio Zinemari.

Gandhi, Azken Mohikanoa, The Boxer edota Gangs of New Yorken parte hartutakoa, Daniel Day Lewisek zuzendari onenekin lan egin du orain arte: Martin Scorsese, Steven Spielberg, Michael Mann, Jim Sheridan,... Eta guztira aktorerik onena bezala hiru Oscar jaso ditu Nire ezker oina, There Will Be Blood eta Lincoln lanengatik. Inork lortu ez duen aintzatespena.

Antzezle irlandarraren bozeramailearen, Leslee Dart, hitzetan:

"Daniel Day Lewisek ez du berriro aktore lanik egingo. Urte hauetan izandako kolaboratzaile eta ikusleei eskerrak ematen die. Erabaki pertsonal bat da eta ez berak, ez bere ordekariek, ez dute azalpen gehiagorik emango."

Hau ez da aktorearen lehenengo erretiroa. 1997an, The Boxer filmean lan egin eta gero, Zinema mundutik aldendu zen eta Florentziara joan zen bizitzera; bertan zapatagintza klasikoa ikasteko. Bost urte eman zituen zineman lan egin gabe, 2002an Martin Scorsesek Gang of New Yorken parte hartzeko eskaria luzatu zion arte.

Daniel Day Lewisen azkenengo lana, Paul Thomas Andersonen Phantom Threads, abenduak 25ean estreinatuko da Estatu Batuetan.

Agur eta mila esker, seguruenik, munduko aktorerik onena denari.

 

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.