Zuzendaria da izarra: Datozenak

Aratz Arregi - 2017-04-10T13:29:25+02:00

Aurten gure zuzendari kuttunen lan berriena ikusteko aukera izango dugu. Ez dituzte modak eta arauak gustoko, ezta ere ekoizleek inposatutako ikuspuntuak. Zerbait berria eskeintzen dute gehienetan, beti ere beraiekin errepikatzen duen lan talde fidel batek bermatzen duen egonkortasunean. Ez dute erosotasuna atsegin, hizkuntzarekin jolasten dute eta ziurrenik zeresan handia emango dute hilabete batzuen buruan. Jarraian aurkezten dizuedan zerrenda erreferente diren zuzendari hauen pelikula berriak dira:

 

 

Darren Aronofsky nortasun handiko zuzendaria da, genero desberdinetara moldatu daiteke, baina “thriller psikologikoan” mugitzen da hoberen eta bere lan berrian beste erakustaldi handi bat espero dugu. Bikote batek bere etxean ezusteko gonbidatu batzuk jasoko dituzte eta beraien egunerokoa aztoratuko dute. Sekretupean errodatu da Mother! eta urriaren 12an iritsiko da aretoetara. Matthew Libatique argazki zuzendariak irudi ederrak oparituko dizkigu berriz ere. Bere lan taldean Jennifer Lawrence, Michelle Pefiffer, Kristen Wiig, Javier Bardem eta Ed Harris daude.

 

 

Luca Guadagnino zuzendari italiarrak aurten bi lan berri aurkeztuko ditu, Suspiria Dario Argentoren maisulanaren berrirakurketa eta André Acimanen eleberrian oinarritutako Call Me By Your Name. Azken honek laudorio ugari jaso ditu Sundance eta Berlin bezalako festibaletan eta azaroaren 24an iritsiko da zinemetara (gurean beranduago). Oliver (Armie Hammer) eta Elio (Timothée Chalamet) gazteen arteko maitasun istorioa kontatzen digu 80. hamarkadako Italiar Rivieran.

 

 

Bada bere lanei ukitu berezi bat ematen dion zuzendari bat. Agian ez du arrakasta ekonomiko handia izango, baina bere lanetan nabari den sentsibilitatea ez dauka edonork. Emakumea eta bere zalantza existentzialak ulertzen ditu. Aurreiritzi gabeko zinema eskeintzen digu eta estetika zainduak gustoko ditu. Todd Haynesek aurten Wonderstruck ekarriko digu, berriz ere Julianne Moorekin elkartzen duen lana (baita ere Cartel Burwell musikaria eta Edward Lachman argazki zuzendariarekin ere). Michelle Williams ere ageri da lan honetan. 20. eta 70. hamarkadetan kokatzen den bi neska-mutilen istorioa eta beraien arteko konexio misteriotsua kontatuko digu New York hiria ardatz erabiliz. Urte amaieran ikusiko dugu, sarien denboraldia hasten denean.

 

 

Alexander Paynek komedia eta dramaren arteko oreka ondo ulertzen du eta bere lanak beti dira gazi-gozoak. Gainera bere aktoreei etekin guztia ateratzen die (adibidez, Bruce Dern Nebraskan). Bere lan berria zientzia fikziozko satira bat da eta Downsizing bezala estreinatuko da abenduaren 22an. Matt Damon eta Kristen Wiig bizitza errazteko asmotan beraien tamaina txikitzeko ikerketa baten parte hartuko dute ondorioetan pentsatu gabe…

 

 

Esan genezake Christopher Nolan aurrekontu handiekin lan egiten duen autore bat dela. Kontraesana dirudi baina bere zinema azkar identifikatzen dugu, estetikagatik, narrazio konplexuengatik edo pertsonaiengatik. Dunkirk filmak bigarren mundu gerran, Dunkerquen (Frantzia), izan zen guda famatua pantailara eramango du. Nolanek Hoyte Van Hoytema argazki zuzendaria, Hans Zimmer musikaria eta Tom Hardy eta Cillian Murphy aktoreekin errepikatuko du. Estreinaldia: uztailak 21.

 

 

Terrence Malick bezalako zuzendariek muturreko sentimenduak pizten dituzte, batzuentzako maisua besteentzat berriz, iruzurtia. Egia da The tree of Life egin zuenetik bere estiloa mistikoago edo kriptikoago bilakatu dela baina agian hori da besteengatik desberdintzen duena. Song to Song hiruko maitasun harremanak berrikusten ditu musika testuinguru batean. Punta-puntako aktoreak ageri dira bertan: Michael Fassbender, Rooney Mara, Ryan Gosling eta Natalie Portman.

 

 

Xavier Dolan Quebectarrak Cannes festibalean jaso zituen lehen txaloak. Orain, 8 urte, 6 pelikula zoragarri eta zenbait sari geroago bere lan berria aurkeztuko digu: The Death and Life of John F. Donovan. Estatu Batuetako aktore ezagun batek 11 urteko mutiko batekin karta bidez duen harremana publiko egiten denean bere gainbehera hasiko da. Kit Harington, Jessica Chastain, Jacob Tremblay, Natalie Portman, Susan Sarandon eta Kathy Bates dira protagonistak. Gabriel Yaredek musikan eta André Turpinek argazkian Dolanekin errepikatzen dute.

 

 

Azkenik, Paul Thomas Anderson handiaren lan berria abenduan iritsiko zaigu. There Will Be Blood bere lanik borobilena izanik, berriz ere Daniel Day-Lewisekin ikustea gogoangarria izango da (edo hori espero dugu). 50. hamarkadako Londresen girotzen da eta moda diseinatzaile baten gorabeherak kontatuko dizkigu. Musika berriz ere “Radiohead” taldeko Jonny Greenwodek jarriko dio oraindik izenbururik ez duen lan honi. Gogora dezagun The Master ere hamarkada berdinean kokatzen zela, beraz Andersonek baditu zenbait ezagupen garai honen gainean.

 

Aitor CM
Aitor CM dio:
2017/04/20 13:13

danak ikusteko desiatzen...beste bi gehiago aipatzekotan, Sofia Coppola ta Yorgos Lanthimosen lan berriak.

Aratz Arregi
Aratz Arregi dio:
2017/07/27 15:30

Guztiz ados, aurten ere Bigelow ("Detroit"), Spielberg ("The Papers"), Wright ("Darkest Hour"), Del Toro ("The shape of water"), McQueen ("Widows"), Clooney ("Suburbicon"), Gomez-Rejon ("The current war"), Ozon ("L' amant double") eta beste askoren lan erakargarriak ikusteko aukera izango dugu.

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.