A silent voice: Ahotsik gabeko garrasia

A silent voice: Ahotsik gabeko garrasia

Haizea Etxebarria Compes - 2018-03-16T19:59:57+01:00
Epaia:

Japoniatik datorkigun animaziozko film luze honetan, azken urteetan eztabaida ugari sortu dituen bullying-a dugu argumentuaren muin bezala. Eskola jazarpena munduko herrialde guztietan betidanik eman den arazoa da, baina azken urteetan, batez ere nerabeen artean, bere buruaz beste egin duten neska-mutilen kasuak handiagotu direnez gero, bullying-a eztabaida zentrua bilakatu da.

Naoko Yamada zuzendariak film luze oso interesgarri bat sortu du, batez ere, beldurrik gabe azaleratzen dituelako eskola jazarpenak sortzen dituen ondorioak bai erasotzaile zein biktimetan. Berez oso aro korapilatsua den nerabetasuna, oraindik eta gogorragoa bihurtzen da eskola jazarpena pairatzen duten neska-mutilen artean. Yamadaren filma interesgarria da beste ikuspuntu bat azaleratzen duelako, erasotzailearen ikuspuntua, eta berak eragindako bullying-ak erasotzailearen  barnean sortzen dituen ondorioetan ardazten da.

Yamadak beldurrik gabe, gaur eguneko gizartean hain tabu bihurtu diren gaiak jorratzen ditu: bakardadea, gizartean leku bat aurki ezina, bizitzaren zentzu eza, norbere buruaz beste egin nahi izana, eta abar. Horretaz gain, hain korapilatsuak diren gai hauek era oso elegante eta goxoan aurkezten ditu. Gainera, animaziozko filmei beste izaera bat ematea lortu du, ez baita batere ohikoa gai hauek formatu honetan aurkeztea.

Interesgarria da ere plazaratzen duen kritika, eskoletako irakasle eta zuzendariek ez baitute ganorazko ezer egiten nerabeen artean sortzen diren liskarren aurrean. Ikusentzule pasibo bezala agertzen dira, zentzu honetan gizarteak urte askotan arazo honen aurrean erakutsi duen pasibotasuna kritikatuz.

 

Onena: Beldurrik gabe eta era hain argian eskola jazarpena garatzea.

Txarrena: Ikus-entzule askorentzat agian animazio formatua oso erakargarria ez izatea

 

Fitxa teknikoa

A silent voice
  • Izenburua: A silent voice
  • Zuzendaria: Naoko Yamada
  • Gidoilaria: Reiko Yoshida
  • Herrialdea: Japan
  • Antzezleak: Miyu Irino, Saori Hayami, Aoi Yûki, Kenshô Ono, Yûki Kaneko, Yui Ishikawa
  • Musika: Kensuke Ushio
  • Iraupena: 129 min
  • Estreinaldi data: 2018-03-16T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.