Abertzaleen eguna: Sentimendu eta errespetu osoz eginiko omenaldi bat

Abertzaleen eguna: Sentimendu eta errespetu osoz eginiko omenaldi bat

Lander Arteaga E. - 2017-07-07T12:12:00+02:00
Epaia:

Azken lau urteetan Peter Berg zuzendariak eta Mark Wahlberg aktoreak martxan jarritako hirugarren proiektuaren aurrean gaude. Hirurak estatubatuar heroi arrunten inguruko lanak, hirurak interesgarriak, baina zalantzarik gabe Abertzaleen eguna ekoizpen hau onena delarik.

Bostongo hiriak 2013an bizitako atentatu bortitza eta ondorengo ikerketen eta atxiloketen inguruko kronika hau interesgarria da guztiz. Hunkigarria behar denean, zirraragarria tokatzen denean. Peter Berg zuzendariak lan bikaina egiten du oreka hori mantenduz. Sentimenduak ukituz, baina inguruan bizitako istorio poliziala baztertuta utzi gabe.

Momentuan urrun eta ezezagun sentitu genezakeen gertaera bat gurea egingo dugu. Egia da film estatubatuarren osagai epikoa eta ikusgarria hot dagoela, bai. Baina pertsonaia guztiak euren ahultasunak ere badituzte, ez dago superheroirik. Pertsona arruntak dira, egoera hunkigarri baten erdian aurrera pausu bat eman beharko dutenak.

Ezin aipatu gabe utzi aktore-zerrenda eta egiten duten lana. Mark Wahlberg da proiektuaren aurpegi nagusia, baina JK Simmons, John Goodman edota Kevin Baconen laguntzarekin holako pelikula bat aurrera ateratzea errazagoa da.

 

Onena: Halako kronika gogor bat kontatzeko izandako ardura. Sentimentaltasunean erori gabe, baina hunkituz. Bihotzak astintzea tokatzean denean samurtasunez egiten, baina jazarpenak edo leherketak erakutsi behar direnean bortizki irudikatzen. Une bakoitzean erabili beharreko erremintak bikain aukeratzen ditu Peter Berg zuzendariak.

Txarrena: Komunikabideetan, baia zuzenean baita ondorengo egunetan, oihartzun handia izandako gertaera bat izanik istorio ezagunegia da. Gainera, lau urte bakarrik pasa dira eta atentatu horren inguruko gertaera guztiak nahiko fresko daude gure buruetan. Agian horregatik istorioak ez gaitu ustekabean atzematen, eta ondorioz ez gaitu guztiz harrapatzen.

 

Fitxa teknikoa

Abertzaleen eguna
  • Izenburua: Abertzaleen eguna
  • Zuzendaria: Peter Berg
  • Gidoilaria: Peter Berg, Matt Cook, Joshua Zetumer, Peter Berg, Matt Cook, Paul Tamasy, Eric Johnson
  • Herrialdea: Hong Kong, USA
  • Antzezleak: Mark Wahlberg, Dicky Eklund Jr., Michael Marchand, Rhet Kidd, John Goodman, Frank Czarnowski
  • Musika: Trent Reznor
  • Iraupena: 133 min
  • Estreinaldi data: 2017-07-07T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.