Asier ETA biok: Erantzunik eman nahi ez duen dokumental ausarta

Asier ETA biok: Erantzunik eman nahi ez duen dokumental ausarta

Lander Arteaga E. - 2014-01-22T20:35:00+01:00
Epaia:

“Asier eta biok Iruñean ikaskide izan ginen 80ko hamarkadan. Ondoren, bide ezberdinetatik jo genuen. Nik, aktore izateko goseak bultzatuta, Madrilera jo nuen; hiriak harrera ona egin zidan eta bazter guztietan egin nituen lagunak, aktoreak gehienak. Bien bitartean, Asier Iruñean bertan bizi zen eta konpromiso politiko handiko ekimen desberdinetan murgildu zen. Urrun bizi arren, Asierrek eta biok adiskidetasuna mantendu genuen.

2002ko martxoan, Asier ezkutatu egin zen; polizia zeukan atzetik ETAkide zelakoan. Asierrek zortzi urte eman zituen espetxean. Urte guztiotan askotan hitz egiten nien nire Madrilgo lagunei Asierren inguruan eta gure adiskidetasunaz. Baina askotan, nik ere erantzuteko zailtasunak nituen galderak botatzen zizkidaten. Nola azaldu nire lagunei ETAko kide batekin nuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera, niri ere ulertzea kostatzen zitzaidanean?”

 

Asier eta Aitor, Aitor eta Asier: Asier ETA biok. Hitz gutxitan, ausarta eta zuzena den dokumental interesagarri bat. Hortaz aparte, eta askotan gertatzen ez bazait ere, zaila egiten zait pelikula honetaz hitz egitea. Sentimendu asko pilatzen bai dira batera nire barruan, azkenean, bat bera ere argi azaltzeko kapaz sentitu gabe. Baina saiatuko naiz nire pelikularekiko sugarra zuei hurbiltzea.

Aitor Merinok, aktore iruindarrak, eta bere arreba Amaiak, batera, idatzitako, ekoiztutako eta zuzendutako lan honek, Aitor berak, Asier Aranguren ETAkidearekin haurtzarotik duen adiskidetasuna hartzen du ardatz giza. Batera bizi izandako egoerak eta Asier kartzelan emandako urteak kontatuko dizkigute, bion ikuspuntuak azalduz, bien ikuspegiak beren ahotsetatik entzunez. Istorio honetaz baliatuz, Aitor bere barnean dituen hainbat galdera ikusleekin partekatzen ditu; bere ideiak eta sentimenduak, eta Asierrenak, gure esku jarriz.

Erantzunik ematen ez duen dokumental honetan, euskal gatazkaren inguruko hausnarketa pertsonal bat ikusiko dugu, non esan bezala, ikuspegi ezberdin eta kontrajarriak beren ahotsa izango dute. Askotan azaltzeko erreza ez den senide eta lagun arteko eztabaidak edo desadostasunak, hemen, lan honetan, modu xume eta zuzen batean aurkeztuta ikusiko ditugu, atera daitezkeen ondorioak ikusle bakoitzarentzako utziz. Aitor Merinok, berak, behin  baino gehiagotan aitortu duen moduan, erantzunak lortzeko sortu zuen lan honek; erantzunak eman baino, galdera gehiago sustatzen ditu.

Inoiz ez da erraza ideia edo ikuspegi guztiei ahotsa ematen dion dokumental bat egitea lortzea, baina, gaur egun, egoera berezi eta itxaropentsu honetan, Asier ETA biok bezalako lan bat txalogarria eta, berez, itxaropentsua ere bada. Freskotasunez eta argitasunez beteriko lengoai ezberdin bat erabiliz, Merino anai-arrebak ohikoa ez den pelikula bat osatzea lotzen bai dute.

Laburbilduz, dokumental hau ikustea ez da proposamen bat, eginbehar bat baizik. Ez da lan borobil bat izango, ezta urtean ikusiko dugun pelikula edo dokumental onena, baina sortaraziko dizkigun sentimenduak, berez duen indarraren eta zintzotasunaren adierazgarri bikaina izango dira. Asier ETA biok elkar ulermena, konponbidea eta bakea bilatzen duen proposamen bat da. Joan zinemara ikustera, ez zarete damutuko.

Oharra: Utzidazue, amaitzeko, gogoeta pertsonal bat egitea. Duela bi aste, Asier Aranguren atxilotua eta espetxeratua izan zen, berriro. Dokumentala egin duen lantaldearentzat, Aitor eta Amaia Merino barne, eta familiarentzat kolpe gogorra izan da. Nola izan daiteke halako pelikula batean parte-hartzea eta aldi berean kartzelaratua izatea? Nola izan daiteke, Asierrek, dokumentalean aipatzen dituen ideiak eta erabakiak, eta kartzelaratzeko leporatzen zaizkionak bat ez etortzea? Guztia, ulertezina da. Hala ere, Asierren familiagatik eta lagunengatik, espero dut laster Asierrek, gu guztiok bezala, dokumentala zinema batean ikusteko aukera izatea.

 

Fitxa teknikoa

Asier ETA biok
  • Izenburua: Asier ETA biok
  • Zuzendaria: Aitor Merino, Amaia Merino
  • Gidoilaria: Aitor Merino, Amaia Merino
  • Herrialdea: Euskal Herria, Ecuador
  • Antzezleak: Asier Aranguren, Juan Diego Botto, Pilar Castro, Aitor Merino, Diego París, Ana Rayo
  • Musika:
  • Iraupena: 94 min
  • Estreinaldi data: 2014-01-17T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.