Baby Driver: Abiadura bizia eta musika aurtengo udako filmaren zerbitzura

Baby Driver: Abiadura bizia eta musika aurtengo udako filmaren zerbitzura

Lander Arteaga E. - 2017-07-07T11:16:24+02:00
Epaia:

Zer eduki behar du film batek udako pelikularik onena bilakatzeko? Ba, seguruenik istorio interesgarri bat, amodio bat, akzio asko eta soinu banda zoragarri bat. Eta, nola ez, ona izatea noski. Zorionez aurten badugu deskribapen horrekin bat datorren estreinaldi bat: Baby Driver, lapurreta-auto gidari gazte baten abentura.

Bai, abentura esaten dut nahiz eta akziozko ekoizpen bat izan. Arraro badirudi ere, zuzendaria Edgar Wright izanik ez da harritzekoa. Bere lan guztiak ezberdinak izanik (Beldurrezkoak, polizialak, gazte batzuen mundu psikodelikoa,...), beti abentura eta dibertsio kutsu zoragarri bat izan dute: Zombies Party, Arma Fatal, Ongi etorri Munduaren amaierara edota Scott Pilgrim munduaren aurka, adibidez. Eta oraingoan ere ildo berea jarraituz, lapurreta pelikula bat dibertsio amaigabe batean bilakatzen du. Wirghtek argi dauka zer lortu nahi duen eta hori beti ikuslearen gozamena sortzea da.

Horretarako bi elementu nagusi erabiltzen ditu: aktore talde bikain bat eta abesti-sorta gogoangarri bat. Lehenengoen artean Kevin Spacey, Lili James, Jamie Foxx, Jon Bernthal edota John Hamm aurkitzen badira ere, izen guztien artean bat gailentzen da: Ansel Elgortena. Hitz gutxi erabiliz baina presentzia ikusgarri batekin. Bere pertsonaia misteriotsua istorioaren gakoa izateaz gain, gure arreta harrapatuko duen osagaia da. Elgortek badu Han Solo gazte baten antza, bere xarma (gainera, Babyren janzkera ikusita argi dago une askotan harreman hori indartu nahi izan dutela). Adi egongo gara aktore gazte honen etorkizunera, izar bat bilakatzeko aukera asko ditu eta.

Baina aktoreez hitz egin arren, ezin dugu musika alde batera utzi. Film honetan musika oso garrantzitsua da, baina ez hori bakarrik: ezinbesteko osagai bat da. Gidoi idazterakoan Wrightek buruan abesti zehatz batzuk zituela ikusi daiteke. Abesti bakoitza bere unea dauka, eta une bakoitzak bere abestia. Istorio eta melodien artean sortzen den lotura bikaina eta zoragarria da. Plazer izugarri bat.

Bistan dago Edgar Wirght zuzendariak Ant-Man filmean izandako esperientzia txarra atzean utzi nahi izan duela, eta lortu ere. Uda garairako lan apropos batekin, zinema-aretoetan ondo pasatzeko lan bikain batekin.

 

Onena: Musika. Beste elementu guztien artean abestiak dira protagonista nagusiak: The Commodores, The Beach Boys, Martha Reeves & The Vandellas, Barry White, Queen, Blur, Carla Thomas,... Zerrenda amaigabe bat.

Txarrena: Azken zatia martxan jartzen duen unea. Azken lana egiteko behar dituzten armak bilatzera joaten direnean. Une horretan Jammie Foxxen pertsonaia histrionikoa behin betiko burua galtzen du eta neketsua bihurtzen da.

 

Fitxa teknikoa

Baby Driver
  • Izenburua: Baby Driver
  • Zuzendaria: Edgar Wright
  • Gidoilaria: Edgar Wright
  • Herrialdea: UK, USA
  • Antzezleak: Lily James, Eiza González, Ansel Elgort, Jon Bernthal, Kevin Spacey, Jon Hamm
  • Musika: Steven Price
  • Iraupena: 115 min
  • Estreinaldi data: 2017-07-07T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.