Batman Lego Filma: Hasieratik harrapatuko gaituen dibertsio zoragarri bat

Batman Lego Filma: Hasieratik harrapatuko gaituen dibertsio zoragarri bat

Lander Arteaga E. - 2017-02-10T02:24:51+01:00
Epaia:

Oro har, Batman Lego Filmaz hitz egiten gaituzten lehenengo aldian bi galdera etortzen zaizkigu burura: “Beharrezkoa zen Lego Filmaren ildoa eta arrakasta jarraituz nahi duen pelikula berri bat?”, eta “Zer motatako lana ikusiko dugu: Lego bezalako film baten aurrean gaude edota Batmanen unibertsoko ekoizpen baten aurrean?

Bi galdera horien erantzunak dira filmaren maila emango digutenak. Beharrezkoa? Agian, zergatik ez? Jatorrizko pelikularen umorea eta xarma ganberroa mantentzen dituenez eta oraindik dibertigarriak direnez, baietz esango nuke. Eta zer motatako filma? Izenburuak argi esaten du: Batman protagonista duen Lego Filma bat da. Zergatik aukeratu behar dugu bietako bat, eta ez bien onena hartu eta nahastu? Hor dago koska. Zaldun ilunaren oinarriak ahaztu gabe, Lego Filmak finkatu nahi duten umore eta giro ganberroa ere aurkituko dugu. Biak pare-parean, biek Batman Lego Filma zoragarria bilakatzen dutelarik.

Hasierako logotipoak ikusten ditugun unetik, Batman Legoren ahoberokeria dibertigarriaren lekuko izango gara. Ez dut uste pelikulak irauten dituen 120 minututan Batman pertsonaia guztiz isiltzen denik, eta gidoia bikaina denez oso ondo pasako dugu horrekin. Hori bai, harropuzkerian azpian bakardade kutsu bat ikusiko dugularik. Eta hor dago koska ere. Erokeria baten aurrean gaude bai, baina azpitik Legok luzatu nahi dizkigun ideiak ezkutatu gabe: Lagunik gabe, familiarik gabe, ez gara ezer.

Amaitzeko, goraipatu beharrekoa da filmaren hasiera. Lego Filmek ezarri nahi duten umore maltzur horren adibide bikaina; eta ez nauzue sinesten, gogoratu hitz hauek Batmanen komiki unibertsoko gaizkile guztien aurkezpena ikustean. Zoragarria bezain burugabea.

 

Onena: Batman, Robin, Alfred, Barbara, Joker, Batmanen aurkari trakets guztiak,… baina pertsonai guzti hauen gainetik, Gune Fantasman biltzen diren Warner unibertsoko maltzur guztiak.

Txarrena: Agian, une batzuk gehiegi luzatu dituztela inoiz heltzen ez den txantxa bikaina lortu nahian.

 

 

Fitxa teknikoa

Batman Lego
  • Izenburua: Batman Lego
  • Zuzendaria: Chris McKay
  • Gidoilaria: Seth Grahame-Smith, Chris McKenna, Erik Sommers, Jared Stern, John Whittington, Bob Kane, Bill Finger
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Jenny Slate, Ralph Fiennes, Zach Galifianakis, Rosario Dawson, Will Arnett, Michael Cera
  • Musika: Lorne Balfe
  • Iraupena: 104 min
  • Estreinaldi data: 2017-02-10T00:00:00
Jon Ander Mindegia Ortega
Jon Ander Mindegia Ortega dio:
2017/02/14 19:31

Oso dibertigarria da, eta gomendatzen dizuet euskaraz ikustea… Bikoizketa itzela egin dute!

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.