Billy Lynn: Ohorea vs. Publizitatea

Billy Lynn: Ohorea vs. Publizitatea

Lander Arteaga E. - 2017-01-26T22:39:21+01:00
Epaia:

 Zenbat balio du soldadu baten bizitzak? Bidezkoa al da gerrekin negozioa egitea? Non dago muga? Hau da, beste askoren artean, Ang Lee zuzendaria bere azken filmean erantzuten saiatzen dena. Irakeko gerran segada batetik bizirik irteten diren soldadu batzuen itzulera hizpide hartuz, Leek Estatu Batuetan gerren inguruan eraikitzen den salerosketa mediatikoaren inguruko hausnarketa bat aurkezten digu.

Billy Lynn bizirik irten diren soldaduetako bat da, bi arerio hil dituena. Baina denek ahazten dutena da bere sarjentua hiltzen ikusi zuela. Azken une horietan berarekin egon zen, elkarren ondoan, bere azken hitzak entzuten. Gerraren krudeltasuna bizi ondoren, lagunak hiltzen ikusi ondoren… heroi bat da. Benetan? Norbaitek pentsatzen al du bera nola sentitzen den? Lynn bere bizitzaren egoerek behartuta sartzen da armadan, ez du nahi heroi bat izatea. Zergatik jaso behar ditu goraipamenak? Lagunak hiltzen ikusteagatik?

Etxera bueltan ekartzen dituzte, euren inguruan ikuskizun mediatiko bat antolatzeko. Euren sufrimenduaren bitartez estatubatuarrei gerraren beharra eta onurak saltzeko. Agerpen publikoak, omenaldiak, argazkiak,… eta amaitzeko futbol partida baten atsedenaldiko “izarrak” izatea. Nola bizi aldaketa hori? Irakeko gerratik “show” baten izarrak izatera? Bidezkoa al da gupidarik gabe mutil gazteak gerra urrun batera bidaltzea eta gero nahi bezala erabiltzea?

Euren bizipenen inguruan egin nahi duten filmaren negoziazioa da guzti honen adibide bikaina. Gerrarik bizi ez duten pertsonak soldaduen bizitzei prezio jartzen. Eta zalantzarik balego, euren abertzaletasunaz probetxu atera nahien.

Erritmo erregularra eta irrealtasun pertzepzio bat dira filmaren oztopo handienak. Ang Leek bikain gidatzen ditu protagonista izateko hautatutako aktore gazteak, eta euren zintzotasuna da gure bihotza irabaziko duena.

 

Onena: Estatu Batuetan armadak eta gerrek duten publizitate-balioa erakusten digun modua. Gerrak ere negozio bat dira eta.

Txarrena: Erritmo irregularra eta amaitzean sentitu dezakegun irrealtasun kutsua. Errealitatea horrela izan daiteke, baina film batean ikusita gehiegizkoa dirudi une batzuetan.

 

 

Fitxa teknikoa

Billy Lynn
  • Izenburua: Billy Lynn
  • Zuzendaria: Ang Lee
  • Gidoilaria: Ben Fountain, Jean-Christophe Castelli
  • Herrialdea: USA, UK, China
  • Antzezleak: Joe Alwyn, Garrett Hedlund, Arturo Castro, Mason Lee, Astro, Beau Knapp
  • Musika: Jeff Danna
  • Iraupena: 113 min
  • Estreinaldi data: 2017-01-27T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.