Bizitza dantzatuz: bizitza edozein adinetan gozatzeko aldarrikapena

Bizitza dantzatuz: bizitza edozein adinetan gozatzeko aldarrikapena

Haizea Etxebarria Compes - 2018-04-20T00:03:12+02:00
Epaia:

Richard Loncraine zuzendari ingelesak, izugarrizko aktore zerrenda baten bitartez, txepeltasun kutsurik gabeko komedia erromantiko bat dakarkigu.

Pertsonaia nagusia Lorraine da, goi mailako klase sozialaren erosotasunera ohituta dagoen hirurogei ta hamar urte inguruko emakumea. Tupustean, bere lagunik onena bere senarrarekin aurkitzen du eta haserre eta noraezean, bere ahizparen etxera joaten da babes eske. Bif, Lorrainen ahizpa, auzo txiro bateko etxe txiki batetan bizi da, baina zoriontsua da bere eguneroko bizitzarekin. Lorraine ordea, lur jota dago eta nahi duen gauza bakarra bere betiko bizitzara buelta egitea da, ez baita batere eroso sentitzen ahizparen lagun eta bizi moduarekin.

Bifen bitartez, Lorrainek ahizparen lagunak ezagutuko ditu eta nahiz eta etsipenak jota egon, poliki poliki denek batera gozatzen duten dantza klaseetan parte hartzera animatuko da. Ahizpari eta  bere lagunei esker, Lorraine ohartuko da, ordurarte zeraman luxuzko bizitza hark ez zuela barrutik betetzen, ez zela benetan zoriontsu.

Loncrainek film luze hau erabiliko du aitzakia gisa, ikusentzuleari zahartzaroak dakartzan nahigabe eta oztopoak erakusteko. Baina ez horretarako bakarrik, nahiz eta zaharrak izan, nahiz eta bakarrik egon eta diru askorik ez eduki, bizitzaz gozatzeko desira ikaragarria duten pertsonaiak dira. Beraz, adinak aurrera egin ahala zaitasunak nabarmentzen diren arren, zuzendariak, bizitza gozatzea edozein adinetan egin beharreko gauza dela helarazi nahi digu.

Errealitatetik hurrundu gabe, eta askotan pelikula estatubatuarretan hain gogaikarriak diren azukrez beteriko txepelkeriarik gabe, Loncrainek komedia erromantiko maitagarri bat zuzendu du. Luxuzko aktore zerrendari esker, izugarrizko antzezpenez gozatzeko aukera aparta da. Erritmo patxadatsu baina etengabea, barre eta negar egiteko aukera, eta dudarik gabe ikusentzulean zirrara goxoa utziko duen eta ikustea merezi duen pelikula dugu.

 

Onena: Aktoreen antzezpena. Ikusentzulea barre algaratik negarrera eramateko zuzendariaren trebetasuna

Txarrena: Argumentua bakarrik ikusi ezkero, ikusentzuleak, ezer berririk eman ahal duen beste pelikula erromantiko bat dela pentsatzea, zinema aretoaetatik oharkabean igaroz.

 

Fitxa teknikoa

Bizitza dantzatuz
  • Izenburua: Bizitza dantzatuz
  • Zuzendaria: Richard Loncraine
  • Gidoilaria: Meg Leonard, Nick Moorcroft
  • Herrialdea: UK
  • Antzezleak: Joanna Lumley, Imelda Staunton, Timothy Spall, David Hayman
  • Musika: Michael J. McEvoy
  • Iraupena: 111 min
  • Estreinaldi data: 2018-04-20T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.