Estrogenodunentzat

Luis Alberto Aranberri 'Amatiño' - 2016-11-23T16:03:35+01:00
Epaia:

The Revenant testosteronadunentzat baldin bada, Carol, berriz, estrogenodunentzakoa. Biak ala biak, elkarren antipodetan daude, eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz. Bata, kemenez, mendekuaren aldarri da. Bestea, maitasunez, askatasunarena.

Aurreko astean esan nuen, esan, Leonardo DiCaprio ar basatiaren antzezlanak benetan gutxi zuela ñabarduratik, leunetik, xehetik eta barne-sentipenetik eta askotxo, aldiz, erronka fisikotik eta neurriz gaineko gehiegikeria zein larregikeriatik. Ez dela sinesgarria. Haatik, Cate Blanchett eta Rooney Mara eme bikotearena gainezka dago, hain zuzen, ñabarduratik, leunetik, xehetik eta barne-sentipenetik eta batere ez du, ostera, erronka fisikotik eta neurriz gaineko gehiegikeria zein larregikeriatik. Erabat da sinesgarria.

The revenant efektu digital bereziz josita badago --eta musika ere konputagailuz burutua--, XVIII. mendeko fikzio infantila sasi-asmatu nahirik-edo, Carol 16 milimetroko zeluloidez filmatua da, 1950eko hamarkadako garai-giro malenkoniatsua, euskarriz ere, bereizi gurarik.

Carol filmak ez du batere Oscarrik jaso, baina aldez aurretik irabaziak zituen berrogei inguru sari, bai Cannesen eta bai hainbat aktore-sindikatu, emakume zinezale, gay eta lesbiana elkarte, kritikari independiente eta talde alternatiboren aldetik. Adierazgarri, bestalde, Alliance of Women Film Journalists delakoak eman zion saria “biluztasunaren, limurtasunaren eta sexualitatearen aurkezpenik onenari”.

Edozein emakumek gustura ikusteko moduko filma xarmagarria. Baita estrogeno apurren bat duen gizonezkoak ere. Morbo bila lihoakeen arrak, ordea, hobe luke beste zerbait aukeratu.

Jatorrizkoa (baimenarekin): Luis Alberto Aranberri 'Amatiño'

Fitxa teknikoa

Carol
  • Izenburua: Carol
  • Zuzendaria: Todd Haynes
  • Gidoilaria: Phyllis Nagy, Patricia Highsmith
  • Herrialdea: UK, USA, Australia
  • Antzezleak: Cate Blanchett, Rooney Mara, Kyle Chandler, Sarah Paulson, Jake Lacy, John Magaro
  • Musika: Carter Burwell
  • Iraupena: 118 min
  • Estreinaldi data: 2016-02-05T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.