Cars 3: Aurreko lanetan ikusitako onura eta akats berdinak

Cars 3: Aurreko lanetan ikusitako onura eta akats berdinak

Luismi Pérez Rodríguez - 2017-07-14T01:14:49+02:00
Epaia:

Ez dakit ona edo txarra den, baina orain arte ez nuen inoiz ikusi Cars sagako pelikularik. Horregatik, kritika hau idazterakoan ez dut konparaketa berezirik egingo edota “bigarren (edo hirugarren) atalak inoiz ez dira onak” moduko esaldiak erabiliko.

Cars 3 uda honetako film arrakastatsuenetako bat izan daiteke, baina tamalez ez da ikusleek beren buruetan gordeko duten lan zoragarrietako bat; ez etxeko txikiek ezta handiek, ez dute Disneyk edo Pixarrek oparitu ohi diguten magia hemen aurkituko.

Pelikularen hasiera motelegia da, eta ohikoak diren familia-umore ukituak faltan botatzen dira; helduek askotan eskertzen ditugun esaldi dibertigarri horiek. Abentura eta akzioa ere txikia da oro har. Baina aurkezpen lasaiegi honen ondoren Destruction Derbyko sekuentzia heltzen da, eta dena hankaz gora jartzen da. Erritmoa gora doa une zoro honekin. Baina erritmoa soilik, tamalez gidoian idatzitako gertakariak aurreikustea errazegia da, eta horrek sorpresa aukera guztiekin amaitzen du. Bai helduentzat baita txikientzat.

Baina tira, filma ez da aspergarria. Cars saga guztia bezala Pixarren ekoizpen hau etxeko txikiak ditu helburu eta nahiko ondo lortzen du. Pixarren magiaz berriz gozatzeko urte amaierara arte itxaron beharko dugu, Coco estreinatu arte.

 

Onena: Aurretik aipatutako sekuentzia ikusgarriaz gain (Destruction Derbyren unea), iluminazioa da film honen gakoa. Une askotan ez dugu argi izango animaziozko lan baten aurrean gauden edo ez. Irudiak ikusgarriak dira une oro.

Txarrena: Helduak hunkitu, entretenitu edota harrapatu dezaketen uneen falta. Txikientzako ondo, beraiekin joango direnentzako ez hainbeste.

Fitxa teknikoa

Cars 3
  • Izenburua: Cars 3
  • Zuzendaria: Brian Fee
  • Gidoilaria: Brian Fee, Ben Queen, Eyal Podell, Jonathon E. Stewart, Kiel Murray, Bob Peterson, Mike Rich
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Owen Wilson, Cristela Alonzo, Chris Cooper, Nathan Fillion, Larry Guy the Cable, Armie Hammer
  • Musika: Randy Newman
  • Iraupena: 102 min
  • Estreinaldi data: 2017-07-14T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.