Deabruak zure begiak: Gordintasun osoz baina abileziaz gai konplexu bat kontatzeko artea

Deabruak zure begiak: Gordintasun osoz baina abileziaz gai konplexu bat kontatzeko artea

Pablo Castillo Lorente - 2017-05-12T09:34:51+02:00
Epaia:

Misterioz eta galbideratzez (edo agian hobeto esanda, perbertsioz) beteriko ekoizpen espainol baten aurrean gaude. Pedro Aguilera zuzendari donostiarrak osagai bikainak mahai gainean jarri eta artegatasunez beteriko narrazio bat eraikitzea lortzen du. Anaia-arrebak duten harremana pelikula amaitu ostean zineforum bat egitea eskatzen du. Eta hori da lan honen indargune bat, gure barruan sortarazten duen hausnarketa.

Bi anai-arreben pertsonaien eratzea konplexua eta interesgarria da aldi berean. Alde batetik Oliver dugu, anai helduena, beti misteriotsu eta azkar ezagutuko dugun alde ilun baten jabe. Bestetik, Aurora gaztea; haurtzaroaren inozentzia atzean utzi eta gero bere ahuleziaz jabetzen dena. Bi izaera ezberdin, bizitzari aurre egiteko bi modu desberdin. Talka honetan datza istorioaren indarra.

Filma, nolabait, biribiltzeko lortutako girotze bikain baten parte ere izango gara; intriga, urduritasuna eta etengabeko larritasuna sortaraziko gaituen argazki baten bitartez. Solasaldietan ere isiltasuna erabiltzeko modua helburu berdinarekin erabiltzen da, eta lortu ere. Agian motelegi une batzuetan, baina Pedro Aguilera donostiarrak pelikula deseroso eta interesgarri bat osatzea lortzen du.

 

Onena: Pertsonaiak eta, aldi berean, jakin-mina eta arbuioa sortzen duen giropena.

Txarrena: Pertsonaia nagusiak euren artean mantentzen duten harreman konplexua kontatzeko modu gordina ez dela ikusle guztien gustukoa izango.

 

Fitxa teknikoa

Deabruak zure begiak
  • Izenburua: Deabruak zure begiak
  • Zuzendaria: Pedro Aguilera
  • Gidoilaria: Pedro Aguilera, Juan Carlos Sampedro
  • Herrialdea: Espainia, Kolonbia
  • Antzezleak: Tomás Baleztena, Ivana Baquero, Natalia Bilbao, Javier Cañas, Nicolás Coronado, Christopher Downs
  • Musika: Richard Córdoba
  • Iraupena: 94 min
  • Estreinaldi data: 2017-05-12T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.