District 9: Zientzia fikzioaren klasiko berri bat

District 9: Zientzia fikzioaren klasiko berri bat

Lander Arteaga E. - 2016-12-27T12:52:26+01:00
Epaia:

 

Duela hogei urte, estralurtar espazio-ontzi bat Johannesburgo (Hegoafrika) hiriko behe-auzoen gainean gelditu zen, inolako seinalerik egin gabe. Hilabeteak pasa ondoren, gizakiek espazio-ontzian sartzeko erabakia hartu zuten, bertan hilzorian zeuden milaka estralurtar aurkituz. Nola konpondu egoera? Zein erabaki hartu? Konponbidea argi izan zuten, estralurtarrentzako soilik izango zen barruti bat sortuz. 

Istorio polita izango litzateke orain arte, erabakitakoarekin batera emandako urratsak bestelakoak izan balira. Auzo itxi horren kudeaketa erakunde pribatu baten eskuetan utzi zuten, MNU enpresaren eskuetan. Konponbide ona zirudien hori, gain behera etorri eta kontzentrazio-esparru baten antzeko auzo batean bihurtu zen; “ganbak” (horrela izendatu bai ziren estralurtarrak beraien itxuraren arabera) txaboletan pilatuta bizi dira, eta ustelkeria errege bihurtu da “District 9” barrutiaren hesien barrualdean. Nigeriar mafia jakien kontrola dauka, armen eta beste hainbat zerbitzu “pribatuen” kontrolarekin batera.

Hauxe da gure pelikula hasten den unearen deskribapena, zientzia-fikziozko filma ezberdin bat, xehetasunez beterikoa eta kritika gezamin batez jantzia; dudarik gabe, azken urteotan genero honetan egindako pelikula onenetariko bat.

Barrutiaren inguruan bizi diren gizakien kexak eta errefusak lasaitzeko, gobernua estralurtarrak hiritik urrunago dagoen auzo batera mugitzea erabakitzen du, eta lekualdatze honen burua Wikus Van De Merwe (Sharlto Copley antzezlearen lan bikaina) da, filma honen protagonista. Lekualdaketa martxan jartzen hasten denean, Wikus-en inguruan hainbat arazo sortzen hasiko dira, bere bizitza, segundoz segundo, suntsituz. Girotzea hain lortuta dagoelarik, momentu askotan ez zara protagonistaz kezkati egongo bakarrik, baizik eta, bere sufrimenduarekin bat egingo duzu.

Arazoak aurrera doazen moduan, ezezaguna denarekiko beldurra biziko dugu, etorkizun ezjakin batek sortutako ikara sentituko dugu eta boteretsuek ezberdinekiko inposatzen duten indarkeriaren testigu izango gara.

Amaiera, dardaratsu bezain ustekabea, ia ezin hobea den pelikula bat borobiltzen du. Neill BlomKamp hegoafrikar zuzendariaren estreineko pelikula izan zen, Peter Jackson-en eskutik heldu zelarik, zinema egiteko modu ezberdin eta ausart bat erakutsiz.

 

 

Fitxa teknikoa

District 9
  • Izenburua: District 9
  • Zuzendaria: Neill Blomkamp
  • Gidoilaria: Neill Blomkamp, Terri Tatchell
  • Herrialdea: South Africa, USA, New Zealand, Canada
  • Antzezleak: Sharlto Copley, Jason Cope, Nathalie Boltt, Sylvaine Strike, Elizabeth Mkandawie, John Sumner
  • Musika: Clinton Shorter
  • Iraupena: 112 min
  • Estreinaldi data: 2009-09-11T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.