Dunkerque: Urteko filmik onena, ZINEMA letra larriz

Dunkerque: Urteko filmik onena, ZINEMA letra larriz

Lander Arteaga E. - 2017-07-20T21:57:05+02:00
Epaia:

Urteko filmik onena. Gorde hiru hitz hauek, hemendik abendura egia ez izateko zerbait ikusgarria eta berezia gertatu beharko da eta. Pelikula hau maisulan bat da edozein atalean: gidoia, muntaia, soinua, argazkigintzan,... Ez dago akatsik, ez da nahasketarik, ez dirudi aktore txarrik dagoenik ezta. II. Mundu Gerrako porrotik handiena bere gordintasunean erakusten da, gertaera hori bizi izan zuten pertsona ezberdinen sentimenduak argi usten dira, euren beldurrak ezkutatu gabe. Dunkerque "infernu" bat izan zen, eta horrela sentitu araziko digu Christopher Nolan zuzendariak.

Gaur arte, norbaitek zalantzarik bazuen ahaztu ditzala. Christopher Nolan historiako zuzendaririk onenen zerrendan sartu da jada, eztabaidarik gabe. Halako gertaera bat kontatzeko denbora gutxi daukala dirudien lan batekin, irudi eta argazkigintza ikusgarri batekin, denboraren lanketa bikain batekin, eta pertsonaien isiluneak hitz indartsuetan bilakatuz, zuzendari britaniarrak Zinegileen Olinpoan sartu da betiko.

Dunkerque hain ikusia dugun zinema belikoa birmoldatzen du. Klasiko asko ekarriko dizkigu burura, baina bere identitate propioa lantzeko beti. Hiru istorio batzen ditu Nolanek, baina hiruren denbora ezberdina izanik. Istorio bat aste bateko iraupena du, bigarrenak egun bateko eta azkenengoa ordu batekoa. Hiru istorioak batera kontatuko dizkigu zuzendariak, bakoitzaren denbora errespetatuz. Baina lasai, ez gara nahastuko eta hor dago lan honen bikaintasunaren beste adibide bat. Hiru istorioak pixkanaka pixkanaka elkartzen joango dira, naturaltasun osoz, eta guk -ikusleak- bidetik galdu gabe narrazioak erakusten duen maisutasunaren lekuko izango gara.

Esan bezala, urteko filmik onena (edo onenen artean behintzat). Zinemazale guztiek zineman ikusi beharreko lan bat. Esperientzia bikain honek gure denbora eta arreta merezi baititu. 

 

Onena: Isiltasuna. Ez soinurik ez dagoelako, justu kontrakoa, baizik eta pertsonaiek euren artean hitz gutxi batzuk botatzen dituztelako. Ez da solasaldi handiz beteriko lan bat, irudi indartsuak bikain batzen dituen bat baizik.

Txarrena: Ezer. Argi eta garbi. Lan honen maisutasunak adibide argi bat dauka: Harry Stylesek, One Direction kide ohiak, ere aktore on bat dirudi. Bere lana ere oso ona da. Sinestezina baina hala da.

 

Fitxa teknikoa

Dunkerque
  • Izenburua: Dunkerque
  • Zuzendaria: Christopher Nolan
  • Gidoilaria: Christopher Nolan
  • Herrialdea: Netherlands, UK, France, USA
  • Antzezleak: Fionn Whitehead, Damien Bonnard, Aneurin Barnard, Lee Armstrong, James Bloor, Barry Keoghan
  • Musika: Hans Zimmer
  • Iraupena: 106 min
  • Estreinaldi data: 2017-07-21T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.