Ederra eta Piztia: Atzoko eta gaurko magia ipuin zoragarri batean

Ederra eta Piztia: Atzoko eta gaurko magia ipuin zoragarri batean

Zinema Uneak - 2017-03-18T18:17:00+01:00
Epaia:

Disney gauza askotan maisua da, eta orain bere film klasikoak hezur-haragizko aktoreekin birsortzean ere maisua dela frogatu du; bai Errauskinerekin, bai Oihaneko liburuarekin eta, nola ez, baita Ederra eta Piztiarekin. Pelikula berri honek jatorrizko animaziozko filmaren xarma berriro piztea lortzen du, eta hori ez da gauza makala.

Istorio eta, ia ia, gidoi berdina oinarri izanik, Bill Condonek zuzentzen duen ipuin zoragarri honek 1991eko filma pixka bat gehiago osatzea lortzen du; azaldu gabeko hainbat xehetasun azalduz eta ildo nagusia osatzen duten istorio txiki pare bat gehituz. 

Gainera, Emma Watson eta Dan Stevensen hautaketa ere bikaina izan da. Bion artean sortzen den feelinga izugarria da, eta nola ez pelikularen sostengu nagusia dira. Kevin Kline, Luke Evans eta Josh Glad ere lan nabarmen bat egiten dute, guztion artean kimika handiko aktore-sorta bat sortuz.

Orduan, non dago akatsa? Ba, egia esanda teknikoki, gidoian eta aktoreen lanan ez dago akatsik. Agian, 1991ean berritasun bezala belaunaldi baten ikonoa bihurtu zen istorioa orain ez gaituela berdin harrapatzen. Berritasuna, sorpresa, galduta baliteke filma interesgarria eta maitagarria izatea, baina ez gaituela berdin maitemintzen. Akats bat da? Ez, baina guk duela 26 urte bizitako berriro sentitu nahi dugu eta hori ezinezkoa da.

Laburbilduz, asko gozatu dugun kontaketa bat. Teknikoki bikaina eta zoragarria. Konparaketa leloei jaramonik egiten ez badiete, belaunaldi berri bat harrapatu dezakeen ipuin maitagarri bat.

 

Onena: 1991eko filmaren xarma mantentzen duela eta harago joaten dela. Istorio berdina baina osatuagoa, istorio nagusia hobetzen duten kontakizun txikiak gehituz. Berritasun guztiak eskertzen dira.

Txarrena: 1991eko filmaren isla zehatz bat dela. Xarma eta mamia mantentzea lortzen du, eta horrek nortasun propio bat lortzea eragozten dio. Duela 26 urte animaziozko filma ikusi zutenentzako, agian, lan hau hankamotz geldituko zaie.

 

Fitxa teknikoa

Ederra eta Piztia
  • Izenburua: Ederra eta Piztia
  • Zuzendaria: Bill Condon
  • Gidoilaria: Evan Spiliotopoulos, Stephen Chbosky, Bill Condon, Gabrielle-Suzanne Barbot de Villeneuve
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Emma Watson, Dan Stevens, Luke Evans, Gugu Mbatha-Raw, Ewan McGregor
  • Musika: Alan Menken
  • Iraupena: min
  • Estreinaldi data: 2017-03-17T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.