Edertasun ezkutua: Sentimendu gehiegi, sakontasun gutxi

Edertasun ezkutua: Sentimendu gehiegi, sakontasun gutxi

Lander Arteaga E. - 2016-12-23T08:45:00+01:00
Epaia:

 

Publizista arrakastatsu baten mundua hankaz gora jarriko da bere alaba txikia hiltzean. Marketin munduan guru bat izatetik, egunero lur jota eta bere ardurak alde batera uzten hasiko da. Lankide eta lagunak kezkatzen hasiko dira, sinestezina den plan bat martxan jarriko dutelarik.

 

Will Smithen urteak bi une ezberdinetan banatu ditzakegu: uda garaia, blockbuster motako filma bat estreinatzen duenean; eta gabonen inguruko egunak, pelikula intimistak, sakonagoak eta serioagoak estreinatzen dituenean. Aurten udan, Eskuadroi Suizida ikusi genuen. Orain, Edertasun ezkutua. 

Hasteko, pelikula txar baten aurrean ez gaudela argitu behar dut. Abiapuntu interesgarri bat du eta filmak aurkeztu nahi digun kontakizuna polita eta hunkigarria da une askotan. Baina ideia onak eta politak ez dira nahikoak. Tamalez, ekoizpen honek dituen akatsak bere onurak baino handiagoak dira.

Alde batetik, David Frankel zuzendaria. Iraganean Deabrua Pradaz jantzita filmarekin erakutsitako ausardia eta freskotasun guztia galdu duela dirudi. Edertasun ezkutuan ez dugu ezer berririk ikusiko, momentu asko aurretik ikusi edo bizi ditugunaren sentsazioa izango dugu. Bestetik, laukote protagonista. Will Smithen lana serioa izanik, sinesgarria ez den gidoi baten menpe dago. Bestetik, Kate Winslet eta Michael Peña. Euren lanak onik ateratzen dira bai, baina ez dute ezer berezirik lortzen. Azkenik, Edward Norton. Ez du bere papera sinisten eta momentu askotan nabari egiten da. Aldiz, aipatu beharrekoa da hiru “espirituen” papera egiten duten Helen Mirren, Jacob Latimore eta Keira Knightleyren lana. Ondo mugitzen dira euren eszenetan, baina filmak duen amaiera kaskarrak euren lana iluntzen du.

 Hori bai da zintzoa, polita eta, une batzuetan, hunkigarria izan daitekeen film honen akats handiena: amaiera. Topikoz beterikoa, azkarregia eta zentzugabea. Pena bat, gozatu daitekeen Edertasun ezkutua pelikula honek amaiera hobeago bat merezi zuen.

 

Onena: Istorioak zabaldu nahi duen mezu itxaropentsu eta positiboa.

Txarrena: Amaiera. Edonola eta azkar amaitu nahi zutela dirudi. Originaltasun falta sumatzen da.

 

 

Fitxa teknikoa

Edertasun ezkutua
  • Izenburua: Edertasun ezkutua
  • Zuzendaria: David Frankel
  • Gidoilaria: Allan Loeb
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Will Smith, Edward Norton, Kate Winslet, Michael Peña, Helen Mirren
  • Musika: Theodore Shapiro
  • Iraupena: 97 min
  • Estreinaldi data: 2016-12-23T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.