Errementari: Euskal mitologia mundura!

Errementari: Euskal mitologia mundura!

Haizea Etxebarria Compes - 2018-03-01T19:24:38+01:00
Epaia:

Asier Gerrikaetxebarria eta Paul Urkijo zuzendariek, Euskal mitologikoako Patxi errementaria kondairan oinarritutako istorioa ekartzen digute pantaila handira.

Film luzearen lehen zatian, giro ilun eta beldurgarri batetan sartzen gaituzte, batez ere, Gorka Gómez Andreu-ren argazkigintza liluragarriari esker. Lehen Gerra Karlistaren amaieran girotuta dagoenez, planu askok garai hartako margoak ekartzen dizkigute burura. Irudiek aurkezten duten erromantizismoa ere nabaria da, momentu batzuetan bizirik dauden Friedrich-en margoak miresten ari garela sentiarazten digutelarik.

Bigarren zatian ordea, istorioaren giroa eta hurbilpena guztiz aldatzen dira. Iluna izaten jarraitzen badu ere, euskal mitologian hain propioak diren eta printzipioz gaizto bezala aurkezten diren izakiak azaltzen dira. Izaki hauek, berez ez dira hain gaiztoak, bihurri eta jostalariak baizik, horregatik une askotan, beldurretik barre algarara eramango gaituzte. Esan bezala, bigarren zati hau guztiz ezberdina da, euskal mitologiako kondaira baten giro propioan dantzatzeko aukera aproposa ematen duelarik.

Azken urteotan, teknologiaren aurrerakuntzei esker, efektu bereziz jositako pelikula fantastiko ugari ikusteko aukera izan dugu. Efektu berezi hauek neurririk gabe erabili izanak, ikusentzule asko nazkatu eta aspertu ditu, horregatik kasu honetan, bide analogikoak, izakiak hurbilagoak, maitagarriagoak izatea lortu du.

Film guztian zehar eskertzekoa da aurki dezakegun hizkuntza aberastasuna. Zuzendariek, garai hartako euskalki ezberdinak pantaila handira hubiltzeaz gain, esaera zaharrez eta lexiko aberats batekin jositako gidoia ekartzen digute. Benetan eskertzekoa eta liluragarria da kalitatezko film luze bat euskara aberats batekin gozatzeko aukera.

Ikuspegi komiko batetik, erlijio katolikoari egiten zaion kritika ere azpimarragarria da.

 

Onena: Gauza asko eta asko dira azpimarragarriak: euskal mitologia mundura ateratzeko nahia, argazkigintza, hizkuntza aberastasuna, eta abar luze bat.

Txarrena: Ez dago aipamen berezirik.

 

Fitxa teknikoa

Errementari
  • Izenburua: Errementari
  • Zuzendaria: Paul Urkijo Alijo
  • Gidoilaria: Paul Urkijo Alijo
  • Herrialdea: Euskal Herria
  • Antzezleak: Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Uma Bracaglia, Ramón Aguirre, Gorka Aguinagalde, Josean Bengoetxea
  • Musika: Xabat Lertxundi
  • Iraupena: min
  • Estreinaldi data: 2018-03-02T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.