Errementari: Paul Urkijok Euskal Mitologiaren magia berpiztea lortzen du

Errementari: Paul Urkijok Euskal Mitologiaren magia berpiztea lortzen du

Lander Arteaga E. - 2018-03-02T04:35:32+01:00
Epaia:

Pasaden urtean izan zen Errementari filmaz entzun nuen lehen aldia. Paul Urkijoren ibilbidea ezagutzen nuen eta beti zuzendari ausart bat bezala ikusi dut. Bere film laburrak beti ezberdinak izan dira, moldeak apurtuz, "modan" zegoenaz urrun eta gustatzen zitzaizkion ideien alde apustu egiten. Haize bolada fresko bat bezala ikusten nuen, eta momentu hartan bere lehenengo filmaz entzutean asko poztu nintzen. Norbait Patxi Errementariaren istorioa beste maila batera eramateko kapaz bazen, argi nuen pertsona hori Paul Urkijo zela.

Alex de la Iglesiasek proiektua babesten hastea edota Filmaxek pelikularen banaketa adostea nire ikusmina handitzea lortu zuten. Lehenengo irudiak, kartelak, trailerra... dena film ikusgarri eta bikain bat aurreikusten zuten. Eta azkenik filma ikusteko aukera izan dudanean nire aurreiritzia baieztatu eta motz utzi du Errementari filmak. Maisu lan baten aurrean gaude.

Ez da perfektua, ez du behar. Ipuin audiobisual baten aurrean gaude, alegia gotiko baina zoragarri baten menpe. Urrats guztietan parte hartzaile guztiek jarri duten gogoa eta maitasuna plano bakoitzean islatzen da. Lehen minututik azken segundoraino.

Zazpi urtez borrokatu eta gero, Paul Urkijok borobila den pelikula bat lortu du. Zuzendaritza zorrotz batekin, teknikoki lan ikusgarri bat dugu Errementari. Argazkia oso zaindua, koloreen erabilera pertsonaia bat bezala izanik. Zuzendaritza artistikoa ezin hobea. Jantziak azken xehetasunera arte zainduak, eta efektu bisualak ere goi mailakoak. Eta ez bakarrik digitalak, baizik eta fisikoak ere. Makillaje eta protesi lanak Hollywoodetik heltzen zaizkigun produkzio handien mailan daude. Dena bikain.

Baina halako film bikain batek beste bi elementu behar ditu: ondo landutako istorio indartsu bat eta aktore bikain batzuk. Eta, nola ez, Errementarik biak ditu.

Paul Urkijok zuzendari lanaz bestalde muntatzaile, marrazkilari, ekoizle edota gidoilari lanak ere burutu ditu. Asier Guerricaechevarriaren laguntzaz, Patxi Errementariaren inguruko istorio motza  hartu eta ipuin luze eta sakon bat eraikitzea lortu du. Errementaria eta Deabruaren arteko lehiak herri oso baten istorioari lekua utzi dio. Pertsonaia hunkigarriz eta errealez betez.

Eta pertsonaia horiei bizitza eman dietenek dira pelikularen beste gakoa. Filma ikusita Kandido Uranga Patxi Errementeria izateko jaio zela sinisten hasiko gara. Eta zer esan Eneko Sagardoyren lanaz. Sartael mugitzeko modua eta bere umore zakarra ez lirateke berdina izango Eneko bertan ez balego. Ramón Aguirre eta Josean Bengoetxea ere primerako lana burutzen dute, baina tamalez izar berri baten lanak pizka bat itzaltzen ditu: Uma Bracaglia gaztearen lehenengo lana. Hemen casting lana goraipatu behar da. Umak naturaltasunez pertsonaia konplexu bat eraikitzea lortzen duelako.

Eta puntu honetara heltzean, hasierako ideia batera bueltatzen naiz: Paul Urkijo halako lan bat egiteko zuzendari aproposena zelaren nire iritzia. Zirkulua ixten da. Paul da proiektuaren abiapuntua eta emaitza bikainaren arduraduna. Eskerrik asko Paul, eta eskerrik asko lagundu dizuten guztiei.

Eta zuek, ikusleok, joan azkar zinema-aretoetara. Euskal Zinema zorionekoa da. Une historiko bat bizitzen ari da, eta lan zoragarri eta berritzaile guzti hauek babestu behar ditugu.

Zorionak Errementari!

 

Onena: Ondo egindako gauzen zerrenda luzea da, baina filmatzeko modua, proiektu hau burutzeko ausardia, Euskararen aldeko apustua edota Euskal Zinemarentzako ate berriak irekitzea izan daitezke aipagarrienak.

Txarrena: Proiektuaren hasieran aurkitutako zailtasunak eta laguntza gutxi. Orain proiektu irabazle bat bezala ikusten dugu, baina Paul Urkijok ate itxi asko topatu zituen. Eskerrak bere indarra eta filma egiteko nahiak irabazle atera zirela.

 

Fitxa teknikoa

Errementari
  • Izenburua: Errementari
  • Zuzendaria: Paul Urkijo Alijo
  • Gidoilaria: Paul Urkijo Alijo
  • Herrialdea: Euskal Herria
  • Antzezleak: Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Uma Bracaglia, Ramón Aguirre, Gorka Aguinagalde, Josean Bengoetxea
  • Musika: Xabat Lertxundi
  • Iraupena: min
  • Estreinaldi data: 2018-03-02T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.