Errugabeak: Sufrimendua eta betebeharren arteko talka

Errugabeak: Sufrimendua eta betebeharren arteko talka

Lander Arteaga E. - 2016-12-23T08:20:00+01:00
Epaia:

 

1945ean, Polonian. Moja gazte eta urduri batek eskatuta, mediku gazte frantziar bat komentu batera joaten da haurdun dagoen lekaime bat sendatzera. Bertan aurkitu duen munduan harrapatuta aurkitu da, ikusten duen sufrimendua eta mojen pentsamolde zorrotzaren erdian borrokan.

 

Benetako gertaera batean oinarrituta, Anne Fontaine (Coco) zuzendariaren lan berria mundu itxi baten erdian jarriko gaitu; bertan biziko diren kontraesanen partedun bilakatuz. Mundu erlijioso batean (moja komentu bat) gertatutako tragedia batek sortu dezakeen desoreka, piztu dezakeen fede galera, hazi dezakeen beldurra. Guzti hori eszenaratze xume baten bitartez, isiltasun une hunkigarriez betea eta protagonista guztien begietan beldurra, lotsa eta iraina erakutsiz

Ez da film historiko bat soilik, ezta pelikula erlijioso bat ere. Gizakiak eta euren sinesmenak benetako munduarekin topo egiten dutenean sortzen diren arazo eta kontraesanen isla da. Bizitzak zaindu behar direla esaten dizun fede bat eta moja talde bat haurdun egotearen ondorioen arteko borroka. Gizaki batek bete baten sufrimendua ikustean sentitzen duen beharra eta sufritzen dagoen pertsonaren beldurren arteko talka.

Lou de Laâge, Agata Buzek eta Agata Kulesza osatzen duten hirukotearen lana sentimendu eta beldur guztiak begirada eta keinu txikien bitartez erakustea lortzen du. Hiruren arteko harremana filmaren muina da, hiru pertsonaia horiek talka eta lehia guztien mutur ezberdinak direlako.

 

Onena: Filmak duen sinpletasuna, eszenaratze xumeak ematen dion indarra.

Txarrena: Medikuen arteko harremana. Momentu batzuetan kontakizun nagusitik aldentzen gaitu.

 

 

Fitxa teknikoa

Errugabeak
  • Izenburua: Errugabeak
  • Zuzendaria: Anne Fontaine
  • Gidoilaria: Sabrina B. Karine, Alice Vial, Anne Fontaine, Pascal Bonitzer, Philippe Maynial
  • Herrialdea: France, Poland
  • Antzezleak: Lou de Laâge, Agata Buzek, Agata Kulesza, Vincent Macaigne, Joanna Kulig, Eliza Rycembel
  • Musika: Grégoire Hetzel
  • Iraupena: 115 min
  • Estreinaldi data: 2016-12-23T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.