Fences: Hitzen indarren aldarrikapena

Fences: Hitzen indarren aldarrikapena

Lander Arteaga E. - 2017-02-24T08:00:00+01:00
Epaia:

Fences, Denzel Washington aktorearen hirugarren lana da zuzendari giza. Heldutasunez beteriko hirugarren pelikula bat. August Wilson idazlearen antzezlan arrakastatsuan oinarrituz, bi Oscar irabazi dituen Washingtonek hitzaren indarra aldarrikatzen duen ekoizpen bikain bat eraikitzea lortzen du.

Fences, hesiak. Norberak bere barruan eraikitzen dituenak, baita bere inguruan altxatzen dituenak; etxea babesteko, zein barrukoak bertan harrapatzeko. Troy Maxon protagonista nagusia da hausnarketa honen adibidea. Bete ez diren ametsen esklabo, Maxonek bere bizitza onartu nahian moztutako bere ametsak hesi ezberdinez inguratu ditu bere barruan. Baina, nahitaez, hitz egiten duen bakoitzean bere frustrazioa entzun daiteke.Bai emaztearekin hitz egiten duenean, baita seme-alabekin egiten duenean. Bera da frustrazioaren ahotsa.

Rose, bere emaztea aldiz, norberaren askatasunaren eta ametsen ahotsa da. Bere ametsa familia babestea bada ere (horregatik eskatuko dio Troyri hesi bat egitea), argi du bere parera zein izan duen eta ez da kikilduko. Bere solasaldi guztiak indarrez eta sakontasunez beteriko hitzaldiak dira.

Bi gurasoei aurre eginez, semeak. Irakatsi dietena ahaztu gabe, euren bideak aukeratu nahi dituztenak. Errespetua eta askatasuna batzen saiatzen diren ahotsak.

Eta ahotsak errepikatzen dut behin eta berriz, pertsonaia bakoitzak esaten duena delako filmaren gako nagusia. Eszenatoki gutxi batzuekin Denzel Washingtonek hausnarketa eta askatasuna aldarrikatzen eta eskatzen duen lan zoragarri bat osatzea lortzen du. Agian, eta soilik agian, hainbat unetan antzezlan baten moldaketaren aurrean gaudela sumatu dezakegu, baina lasai; azkar-azkar pertsonaia baten solasaldi batek berriro ere harrapatuko gaitu.

Gizartea, arrazakeria,amets galduak, bizitza, familia eta emakumeen inguruko gogoeta nabarmen bat, agian ez da urteko filmik onena izango; baina ikustea ezin bestekoa.

 

Onena: Aktorea guztiak - Denzel Washington, Viola Davis, Stephen Henderson eta Jovan Adepo-. Botatzen duten hitz bakoitzaren esannahia bihotzetik sortzen baizaie.

Txarrena: Agin, eta berriro diot soilik agian, hainbat unetan jatorrizko antzezlana ikusten ari garela pentsa dezakeguka.

 

Fitxa teknikoa

Fences
  • Izenburua: Fences
  • Zuzendaria: Denzel Washington
  • Gidoilaria: August Wilson
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Denzel Washington, Viola Davis, Stephen Henderson, Jovan Adepo, Russell Hornsby, Mykelti Williamson
  • Musika: Marcelo Zarvos
  • Iraupena: 139 min
  • Estreinaldi data: 2017-02-24T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.