Isiltasuna: Gizona, gizartea eta sinesmenen inguruko hausnarketa bikain bat

Isiltasuna: Gizona, gizartea eta sinesmenen inguruko hausnarketa bikain bat

Lander Arteaga E. - 2017-01-06T00:03:57+01:00
Epaia:

 

Zinemaren historian zehar erlijioaren eta kristautasunaren inguruko hamaika film badaude ere, mendeetan zehar Europatik urrun dauden herrialdeek bizi izandako kristautze prozesuaz hitz egiterakoan pelikula bat etortzen zaigu beti burura: Misioa. Hemendik aurrera, 1986an Roland Joffék zuzendutako lanarekin batera beste izenburu bat agertuko da beti: Isiltasuna. Baina kontuz! Fedea ardatz izanik, ez dugu hau kristauen inguruko pelikula bat soilik; gizona, gizartea, sinesmen eta hiruren arteko eraginen inguruko hausnarketa sakon eta bikain baten aurrean bai gaude.

Bere ibilbidea ikusita Martin Scorseseren heldutasunaz hitz egitea arraroa badirudi ere,  filma honetan istorioaren garapenean eta irudiak nola konposatzerakoan erakusten duen trebezia eta zentzua beste maila batean daude. Kamera non eta nola jarri argi ditu momentu guztietan. Irudi bat bera ere ez da kasualitatea, denak bere xedea dute; zer erakutsi nahi digunaren arabera, filmatzeko modua erabaki du. Pelikula zoragarri eta ikusgarri baten aurrean gaude.

Azpimarratu beharrekoa ere Andrew Gardfield, Adam Driver eta Liam Neesonen lana. Martin Scorsesek hiruren onena ateratzen du. Gardfieldek Mel Gibsonen Azken gizona arte filmean erakutsitako maila berresten du. Bere ausardia, bere zalantzak eta bere isiluneak bikainak dira. Eta, hala ere, Adam Driver edo Liam Neesonekin batera agertzen denean, haiek dira protagonistak. Andrew Gardfieldek lan nabarmen bat egiten du, Driver eta Neesonek bikaina. Agertzen diren une guztietan, bien antzezpenaren indarra hunkitu egingo gaitu. Adam Driverrek, bere erabakitasunaren bitartez. Liam Neesonek, bere begirada eta isiluneen bidez.

Baina ez dira haiek bakarrik. Martin Scorsesek, kamera posizio eta irudi zoragarriak lortzeaz gain, aktore lan bikain bat lortzen duelako. Japoniar aktore guztiak, inkisidore nagusitik herritar txikineraino, une oro hunkitu gaituzte. Esaldi bakun edo begirada baten bidez, eta beti euren isiluneen bitartez.

Isiltasuna filma bere izenburuari aipu egiten diolako. Gehien bat, Jainkoaren isiltasunari. Baina baita ere gizakien isiltasunari. Hausnarketa bat bilatzen duten isiluneei, eta baita indarrez beterik daudenei ere. Gizakien zalantzen isla diren horiei, eta, nola ez, bakoitzak duen edo ez duen fedearen erakusgarri diren horiei. 30 urtez borrokatu ondoren, Scorsesek bere fedearen eta bere zalantzen inguruko pelikula filmatzea lortu du. Baina ez nahastu. Ez da soilik kristautasunaren inguruko lan bat, bakoitzaren sinesmenen, zalantzen eta hutsegiteen inguruko hausnarketa bikain bat da.

 

Onena: Aktore guztien lana eta Scorsesek kamerarekin erakusten duen trebezia.

Txarrena: Lan bikain hau erlijio eta kristautasunaren inguruko film bat bezala ikusi eta ulertu dezakegula; askoz gehiago da.

 

 

Fitxa teknikoa

Isiltasuna
  • Izenburua: Isiltasuna
  • Zuzendaria: Martin Scorsese
  • Gidoilaria: Jay Cocks, Martin Scorsese, Shûsaku Endô
  • Herrialdea: USA, Taiwan, Mexico
  • Antzezleak: Adam Driver, Andrew Garfield, Liam Neeson, Ciarán Hinds, Tadanobu Asano
  • Musika: Kathryn Kluge
  • Iraupena: 159 min
  • Estreinaldi data: 2017-01-05T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.