Jackie: Kamelot berriaren sorrera

Jackie: Kamelot berriaren sorrera

Lander Arteaga E. - 2017-02-20T21:09:38+01:00
Epaia:

John Fitzgerald Kennedy hil zen egunean, JFKren kondaira idazten hasi zen. Noren eskutik? Bere emaztearen eskutik, Jackie. Kennedy anaiak “Kamelot” berri bat sortzea nahi zuten Washingtonen, baina Johnen hilketaren proiektua bertan behera gelditu zela zirudien. Baina ez, Jackie berak bere senarraren ametsa hartu eta komunikabideen bitartez “Kamelot berria”ren utopia ezagutzera eman zuen.

Jackie filma hilketa eta ondorengo egunen kronika bat da; bakarrik eta babesgabe gelditutako alargun baten borroka eta zalantzen kontaketa. Kazetari batekin izango duen solasaldia abia puntu giza hartuz, Pablo Larrain zuzendari txiletarra Jackiek Etxe Zurian bizitako eraldaketa kontatu nahi digu. Emazte lotsati bat izatetik, Estatu Batuetako emakume guztien erreferente bilakatu arte.

Helburu hau lortzeko, Larrainek laguntza ezin-hobe bat aurkitu zuen: Natalie Portman. Aktore estatubatuarra Jackie bereganatu eta bere arimarekin bat egitea lortzen du. Agian ez Oscar saria eskuratuko, baina pantailan ikusten dugun bilakaera ez dago edonoren eskuetan. Portman bere hizkera, izaera eta ibiltzeko moduak ere alde batera utzi eta Jackie Kennedyn bihurtzen; lehenengo minututik azkenengora arte. Bera da filma, bere lana da pelikula hau eusten duena.

Filma interesgarria da, eta une batzuetan oso hunkigarria ere. 1963an Dallasen bizitakoa gogorra delako. Baina, une gehienetan, Pablo Larrainek kronika arin bat egitearekin konformatzen dela dirudi. Erritmo ezegonkorra eta sakontasunik gabeko pertsonaia gehiegi. Istorioaren inguruan sentitu ditzakegun gai eta hausnarketa gehienak gurera heltzen diren bezala, aldentzen dira. Ez dugu garai eta pertsonaia horien inguruko analisirik ikusiko. Eta pena bat da.

Natalie Portmanek eginiko lan ikusgarria bakarregi dago, eta hori da filmaren arazo handiena. Ausardia falta sumatu dezakegu, eta hori da pena handiena. Baina ez okertu: filma ikustea oso gomendagarria. Pena ematen didana da egin ahal zen filma bikaina ez lortu izana da.

 

Onena: bi hitzetan, Natalie Portman.

Txarrena: Une askotan sentitu dezakegun sakontasun falta.

 

Fitxa teknikoa

Jackie
  • Izenburua: Jackie
  • Zuzendaria: Pablo Larraín
  • Gidoilaria: Noah Oppenheim
  • Herrialdea: Chile, France, USA
  • Antzezleak: Natalie Portman, Peter Sarsgaard, Greta Gerwig, Billy Crudup, John Hurt, Richard E. Grant
  • Musika: Mica Levi
  • Iraupena: 100 min
  • Estreinaldi data: 2017-02-17T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.