John Wick - Odol ituna: Akzioa artea balitz bezala lantzearen emaitza zoragarria

John Wick - Odol ituna: Akzioa artea balitz bezala lantzearen emaitza zoragarria

Zinema Uneak - 2017-04-21T10:32:48+02:00
Epaia:

2014an zarata handirik gabe heldu zen lehenengo aldiz zinema-areto batera, inork espero gabe, urte horretako film interesgarrienetako batean bihurtzeko. Inongo zentzurik gabe, Estatu Batuetan arrakastatsua izandako lan honek ez zuen gurean banatzailerik aurkitu eta ondorioz ez zen gure aretoetan estreinatu. Hala ere, ia bi urte geroago, Antena 3 kateak filma telebistan eman zuenean gurean ere John Wick fenomenoa hasi zen.

Orain, bigarren atal heltzen da. Eta ez da aurrekoa baino txarragoa, ezta hobeagoa; nortasun propioa duen akziozko pelikula ikusgarri eta entretenigarri bat da. Lehenengo minututik argi geratzen da akzioaren bitartez akzio generoari omenaldi bat egin nahi diotela, eta lortu ere bai. Chad Stahelski zuzendariak argi uzten digu badakiela jarraipenak nola egin behar diren: ez da soilik gero eta gehiago eskaintzea, ez, gakoa aurreko lanaren onena hartu eta aurrera egitea dela baizik. Hemen John Wicken elementu onenak berriro ikusiko ditugu, baina osagai berriez inguratuta.

Baina Wicken inguruan hitz egiten badugu, ezin dugu izen propio bat ahaztu: Keanu Reeves. Bera da filmaren arima, bera da John Wick hiltzaile bat baino askoz gehiago izatearen arrazoia. Pertsonaia berbera beste aktore baten eskuetan ez litzateke berdina izango. Egia da Wick keinu eta ñabarbura gutxikoa dela, baina hori ere oso ondo egitea ez da batere erraza; eta Keanu Reeves lortzen du. Pertsonaia honekin Hollywoodeko "Olinpora" itzuli dela esan genezake.

John Wick: Odol ituna gauzak argi izatearen ondorio bat da. Hortan datza misterio guztia eta arrakastaren oinarri nagusia. Guk asko gozatu dugu jarraipen hau ikusten, bai entretenigarria delako baita kalitatezko lan bat delako. Orain gustuko ez dugun garaia heltzen da, hurrengo jarraipena estreinatu arte itxaroten egon behar garen denbora. Baina, tira, maila bereko lan bat egiten badute itxaronaldia merezi izango du.

 

Onena: Pelikulan lan egin duten guztiek akzio generoarenganako erakusten duten eraspena. Maitasun hori da halako produktu zoragarri bat lortzeko ezinbestekoa den osagaia.

Txarrena: Hirugarren atala heldu arte itxaron beharko dugun denbora. Pelikula honetan argi eta garbi uzten baitute beste jarraipen baterako ateak zabal-zabalik daudela... eta guk oraintxe bertan ikusi nahiko genuke!

 

Fitxa teknikoa

John Wick 2: Odol ituna
  • Izenburua: John Wick 2: Odol ituna
  • Zuzendaria: Chad Stahelski
  • Gidoilaria: Derek Kolstad
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Keanu Reeves, Riccardo Scamarcio, Ian McShane, Ruby Rose, Common, Claudia Gerini
  • Musika: Tyler Bates
  • Iraupena: 122 min
  • Estreinaldi data: 2017-04-21T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.