Kontrolik gabeko gaua: Biharamuna Miamin

Kontrolik gabeko gaua: Biharamuna Miamin

Lander Arteaga E. - 2017-07-21T11:43:46+02:00
Epaia:

Unibertsitatetik lagun diren lau emakume heldu. Ezkontza bat. Ezkondu aurreko agur bat. Miami. Lau esaldi hauekin azaldu daiteke film honen nondik norakoa. Komedia ero eta "klasiko" bat. Ez klasikoa antzinako lan bikainen isla delako, baizik eta azken hamarkadetan hain modan dagoen komedia eroen bidea jarraitzen duelako.

Oraingoan bost emakume protagonista nagusiak badira ere, lan honek Biharamuna Las Vegasen filma gogoraziko gaitu. Antzeko abiapuntu batekin, gau ero batean gerta daitekeen egoera bitxi eta xelebre askoren kontakizuna baita. Dibertigarria eta entretenigarria da, hori bai. Aurretik landutako eskemak erabiltzen baditu ere, lan fresko baten aurrean gaude (adibide giza, Adam Sandlerren lan gehienek ezin dute hori esan).

Scarlett Johansson, Jillian Bell, Zoë Kravitz, Ilana Glazer eta Kate McKinnon bikain daude. Bakoitzak bere modura, euren pertsonaien ideia argi dute eta hortik abiatuz ondo pasako dugu bosten izaeren nahasketarekin. Istorioa sinplea baina dibertigarria denez (senargaiaren inguruko pasaia gehienak nesken neurrigabekeria baretzeko balio du), erraz gozatu daitekeen komedia baten aurrean gaude.

Esan bezala, pena bat dena da ez dutela inongo arriskurik hartu. Gogoangarria izen zitekeen zerbait egiteko osagai guztiak zituzten, eta denbora-pasa batean gelditu dira.

Hori bai, pena bat izanik ez hartu Kontrolik gabeko gauaz ez gozatzeko aitzaki moduan. Joan zinema-aretora, ondo pasa eta barre egin. Lan hau azkenaldian ikusten diren komedia askoren gainetik baitago.

 

Onena: Momentu askotan erakusten duen freskotasuna, bost aktore protagonisten lana dela eta. Eta, nola ez, Demi Moore eta Ty Burrell agertzen diren uneak ahaztu gabe. Erokeria beste maila batera igotzen da.

Txarrena: Aurrez ikusita dugun susmoa. Generoa hankaz gora jarri baino, aurreko film askok jarraitutako bidea errepikatzea erabakitzen du lan honek. Pena bat, zerbait ikusgarria egiteko osagai guztiak baitzituen.

 

Fitxa teknikoa

Kontrolik gabeko gaua
  • Izenburua: Kontrolik gabeko gaua
  • Zuzendaria: Lucia Aniello
  • Gidoilaria: Lucia Aniello, Paul W. Downs
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Scarlett Johansson, Jillian Bell, Zoë Kravitz, Ilana Glazer, Kate McKinnon, Paul W. Downs
  • Musika: Dominic Lewis
  • Iraupena: 101 min
  • Estreinaldi data: 2017-07-21T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.