Kriminal dementeak: Umore zaharkitu baten adibide triste bat

Kriminal dementeak: Umore zaharkitu baten adibide triste bat

Lander Arteaga E. - 2017-01-04T00:03:54+01:00
Epaia:

 

Zach Galifianakis, Kristen Wiig, Jason Sudeikis, Owen Wilson, Kate McKinnon, Devin Ratray, Ken Marino, Mary Elizabeth, Leslie Jones eta Jon Daly. Kriminal dementeak filmaren aktore zerrenda zoratzekoa da, ez duzue uste? Nik hala pentsatu nuen, baina trailerra ikusita beldurtzen hasi nintzen. Orain, pelikula ikusi eta gero, nire beldur guztiak pantailan islatuak ikusi ditut. Denak bakar batean laburbilduz: umore gordin, txepel, zahar, zakar eta baldarrez beteriko lan baten aurrean gaude.

Gertaera erreal batean oinarritzen bada ere (Loomis Fargo furgoi blindatu baten lapurreta), erabilitako umore gordinak sinesgarritasun eta dibertsio guztia usatzen du. Baliteke lapurreta horren istorioa kontatzen digutena bezain inozoa izatea, baina askotan errealitatea ez da sinesgarria; eta kasu honetan, bai horrela izan zelako edo umore motagatik, filmak ez du funtzionatzen.

Kirtenkeria honen zuzendaria: Jared Hess. 2004an Napoleon Dynamite estreinatu zuenetik, maldan behera doan sortzaile bat. Super Nacho edo Don Verdean adibide onak dira. Bere lehenengo pelikulak jaso zituen goraipamenengatik ez balitz, bigarren mailako zuzendaritzat joko zuten. Pelikulaz pelikula umore narrasten doa, eta Kriminal dementeak hau bide horretan jarraitzen du.

Ia film guztiak nolabait edo arrazoi batengatik gomendatzeko ohitura daukat, denak zerbait ona daukatela. Honekin ezin dut. Ez ditut gustuko halako komedia zakarrak, ezin ukatu.

 

Onena: Aktore zerrenda. Egungo komediante onenen sorta interesgarri bat.

Txarrena: Hautatutako umore mota. 90eko hamarkadako umore zakar txarrenaren isla.

 

 

Fitxa teknikoa

Kriminal dementeak
  • Izenburua: Kriminal dementeak
  • Zuzendaria: Jared Hess
  • Gidoilaria: Chris Bowman, Hubbel Palmer, Emily Spivey
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Kate McKinnon, Kristen Wiig, Jason Sudeikis, Devin Ratray, Zach Galifianakis
  • Musika: Geoff Zanelli
  • Iraupena: 95 min
  • Estreinaldi data: 2017-01-04T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.