Land of mine: Ontasunez beteriko gertaera ezezagun eta hunkigarri bat

Land of mine: Ontasunez beteriko gertaera ezezagun eta hunkigarri bat

Pablo Castillo Lorente - 2017-03-10T12:16:55+01:00
Epaia:

Lan honek gerra galdu ondoren Danimarkan preso egondako Alemaniako 14 soldadu gazteren istorioa kontatzen du. Eta nola, gerraostean, daniar armadak gazte horiek Reichak jarritako bonbak desaktibatzeko erabili zituen.

Agian filmak erabiltzen duen kontaketa estiloa ez da guztiz berritzailea, baina kontatzen duena ezezaguna denez ondo funtzionatzen du. Egia esanda, holako istorio bat (hunkigarria eta urte askoz isildutakoa) kontatzeko estilo klasiko bat (3 atal zehatz aurkeztuz) erabiltzea eskertzen da.

Argazki lana ere nabarmena da, soldadu gazte horiek bizitakoaren isla bat aurkeztea lortzen bai du. Azpimarratu beharrekoa da Martin Zandvliet zuzendariak eraikitako giroa: gogorra eta gordina batzuetan. Argi dauka minek sortu dezaketen hondamendia erakutsi nahi duela, eta horrek ere indar handia ematen dio narrazioari.

Pertsonaiak ere ondo eraikita daude: bai alemaniarrak baita daniarrak ere. Baina guztien gainetik Carl Rasmussen sarjentuarekin bat egingo dugu. Bera da presoen eta hondartzetatik minak kentzearen arduraduna. Bere kezkak, bere zalantzak, bere kontraesanak, gureak egingo ditugu. Ez da presoak gaizki tratatzen dituen buruzagi bat soilik, ez. Bere presoez arduratzen den gizon bat baizik; euren “aita” bilakatu arte. Eta guzti hori Rolland Møller aktorearen lanari esker, bikaina.

Laburbilduz, soldadu presoen eguneroko gogorra eta bortitza erakusten digun film batean aurrean gaude. Euren borondatearen aurka, bonbak desaktibatzea bizirik irauteko arrazoi bakarra denean zaila suertatzen da etorkizunera itxaropenez begiratzea. Baina film honek hori bilatzen du: zorigaitzaren gainetik, gizakien onurak erakustea. Egoera lazgarrienetan, onberatasun kutsuak aurkitu daitezkeelako.

 

Onena: Gidoia, sortarazten digun tentsioa zoragarria da. Hori bai, aktoreen lana ahaztu gabe, bikaina oro har.

Txarrena: Atseden uneen falta. Pelikulak aurrera doa abiadura bizian eta ikusleak ez du arnasa hartzeko astirik. Oro har ez da gauza txar bat, baina istorio hunkigarri honekin gogorra izan daiteke.

 

Fitxa teknikoa

Land of mine
  • Izenburua: Land of mine
  • Zuzendaria: Martin Zandvliet
  • Gidoilaria: Martin Zandvliet
  • Herrialdea: Denmark, Germany
  • Antzezleak: Roland Møller, Louis Hofmann, Joel Basman, Mikkel Boe Følsgaard, Laura Bro, Zoe Zandvliet
  • Musika: Sune Martin
  • Iraupena: 100 min
  • Estreinaldi data: 2017-03-10T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.