Logan: Garai baten amaiera bikaina

Logan: Garai baten amaiera bikaina

Lander Arteaga E. - 2017-03-03T08:00:00+01:00
Epaia:

1999an X Men filmarekin hasitako garaia amaitu da. Logan pelikula helmuga bat da, bide askok amaiera duten geltoki bat. X Men filma aurkezpen bat bazen, mutanteen eta euren beldurren eta erronken aurkezpen bat, Logan momentu hartan irekitako ildoaren agurra da; Logan eta X irakaslearen azken erronka. 1999an irekitako hausnarketa -mutanteen onespena eta gizarteratzea-, Logan filmean indarrean mantendu eta mila bider handitzen da.

Baina ez larritu, superheroi pelikula baten aurrean gaude; abenturak eta akzioa ez dira faltako. Baina ez dira istorioaren oinarri nagusia izango, kontaketaren arrazoia eta protagonista nagusiak Logan eta X Irakasle zahar batzuk izan bai dira. Biek mundua nola eraldatu den ikusi dute, baina euren ikuspuntuak guztiz kontrakoak dira. Nahiz zaharkituta eta nekatuta ikusi, Charles Xavierrek ez du bere baikortasuna eta itxaropena galtzen. Logan aldiz, beti bezala ere bai, ezkorragoa eta zinikoagoa da. Bien iritziak guztiz ezberdinak badira ere, euren harremana inoiz baino sakonagoa da; aita eta seme bikote batena bezalakoa. Eta harreman horren inguruan sustatzen den hausnarketa ere zoragarria da.

Aitatasuna bai da film krepuskular honen ideia nagusia; Charles Xavier eta Loganen arteko harremana, eta Laura eta Logenen artekoaren gakoa ere. Itxaropena eta askatasunaren aldeko borroken zergatia eta egokitasuna, noiz eta noraino jarraitu. Belaunaldi zaharrak eta gazteak, bien arteko loturak eta indarrak.

Eta adi ekoizpen osoan zehar aipatzen den beste pelikulari: Erro sakonak (Shane). 1953ko lan honen eta Loganen arteko loturak ez ba i dira kasualitate hutsa. Bi lanek istorio berdina kontatzen bai dute, bakoitzak bere erara. Biek borrokalari baten agurraren inguruko antzeko hausnarketak aurkezten bai dituzte.

Laburbilduz, seguruenak, egun egin den superheroi-filmik onena, edo behintzat ezberdinena eta ausartena dena. Film mota honen esentzia ahaztu gabe, joko interesgarriagoak erakusten saiatzen bai da.

 

Onena: Hugh Jackman, Patrick Stewart eta Dafne Keen gaztea. Hiruron lana eta euren artean sortzen kimika zoragarria bai da.

Txarrena: Garai baten amaieraren aurrean gaudela. X Men unibertsoan oinarritutako film gehiago egongo dira bai, baina ez Hugh Jackman edota Patrick Stewartekin. Agur eta ohore biok egindako lan bikainari.

 

Fitxa teknikoa

Logan
  • Izenburua: Logan
  • Zuzendaria: James Mangold
  • Gidoilaria: Michael Green, Scott Frank, James Mangold, David James Kelly, James Mangold, Roy Thomas, Len Wein, John Romita Sr, Herb Trimpe, Craig Kyle, Christopher Yost
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Hugh Jackman, Boyd Holbrook, Doris Morgado, Patrick Stewart, Stephen Merchant, Dafne Keen
  • Musika: Cliff Martinez
  • Iraupena: min
  • Estreinaldi data: 2017-03-03T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.