Loving Pablo: Ezer berri

Loving Pablo: Ezer berri

Haizea Etxebarria Compes - 2018-03-01T13:45:06+01:00
Epaia:

Fernando León de Aranoa zuzendariak Pablo Escobar-en bizitza ekartzen digu zinema pantailetara, kasu honetan, Virginia Vallejo kazetari eta idazlearen ikuspuntutik. Loving Pablo, Amando a Pablo, odiando a Escobar, Vallejo-ren liburuan oinarrituta dagoen film luzea da, eta Javier Bardem eta Penelope Cruz ditu aktore nagusi bezala.

Azken uteotan, Pablo Escobar narkotrafikatzailearen bizitza batez ere bi telesai ezberdinen bitartez hurbildu da ikusentzuleetara. Alde batetik, produkzio kolonbiarra duen Pablo Escobar, el patrón del mal dugu, bestetik, eta seguraski ezagunena bihurtu dena, Netflix-en Narcos. Azken honek, izugarrizko arrakasta izan du eta jarraitzaile mordo bat ditu mundu guztian zehar.

Telesai hauek jarraitu dituen ikusentzulea seguraski etsipenak jota irtengo da zinematik, León de Aranoak istorio aldetik ez baitu ezer berririk gehitzen. Aktoreen aldetik, Penelope Cruz ez da sinesgarri agertzen eta nahiz eta Javier Bardem oso ongi karakterizatuta azaldu, ez du lortzen ikusentzulea filman sartzerik. Agian, batez ere Narcos telesaia jarraitu duten ikusentzuleek ikuspuntu hurbilago bat eskertuko lukete, filma ingelesez egoteak ez baitu ikusentzulea erakartzen eta aktoreak atzerritarrak izateak are gutxiago.

Telesailak ezagutzen ez dituzten ikusentzuleek, Pablo Escobar-en bizitzaren laburpen duin bat aurkituko dute, baina besterik ez. Musika eta argazkigintza aldetik oso ondo dago baina ezer gutxi hobetzen du film luzea ikustearen esperientzia.

 

Onena: Istorioaren jardunaldian mantentzen duen erritmo ona eta nahiz eta ezer berrik ez gehitu, Pablo Escobar-en istorioa ezagutzen ez dutenentzat hurbilketa on bat izan daitekeela.

Txarrena: Ez duela ezer berririk gehitzen eta filma bukatzean, ikusentzulea hutsune batekin uzten duela.

 

Fitxa teknikoa

Loving Pablo
  • Izenburua: Loving Pablo
  • Zuzendaria: Fernando León de Aranoa
  • Gidoilaria: Fernando León de Aranoa, Virginia Vallejo
  • Herrialdea: Espainia
  • Antzezleak: Penélope Cruz, Javier Bardem, Peter Sarsgaard, Lillian Blankenship, Julieth Restrepo
  • Musika: Federico Jusid
  • Iraupena: 123 min
  • Estreinaldi data: 2018-03-09T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.