Munduko diru guztia: Kapitalismoaren inperio basatienaren kontra

Munduko diru guztia: Kapitalismoaren inperio basatienaren kontra

Haizea Etxebarria Compes - 2018-02-22T23:52:11+01:00
Epaia:

 Film luze honetan, Ridley Scott-ek 70. hamarkadan Paul Getti III.ak jasan behar izan zuen bahiketa ekartzen digu zinema pantailetara. Paul Getti petrolio handikiaren iloba izanik, bere amak ordaindu ezin zuen dirutza eskatzen zuten bahitzaileek, argi eta garbi munduko pertsona aberatsena zen bere aitona erosi nahian.

Scott-en azken filma izateaz gain, filma entzutetsua izan da azken momentuan zuzendariak hartu zituen erabakiengatik: Berez, Scott-ek, Kevin Spacey aukeratu zuen Paul Getti-ren pertsonaia antzezteko, baina Spacey-ren inguruan azaldu ziren eskandaluak direla medio, filma bukatutzat emanda zegoenean Spacey-ren planuak Christopher Plummer-ek egin behar izan zituen. Planu hauek, estreinaldia baino pare bat aste arinago, presaka, filmatu behar izan zituzten, hala eta guztiz ere, agerraldi hauek ez dute filmaren kalitatea batere iluntzen, Plummer-en antzezlana izugarrizkoa baita.

Scott-en filmetan ohikoa den bezala, erritmoa arina, estugarria da. Nahiz eta errealitatean oinarritutako istorioa izan, Getti III.arekin gertatu zena ezagutzen ez duten ikusentzuleek izugarrizko tentsioa sentituko dute film guztian zehar. Spacey-rekin gertatu den guztia eta gero, seguruenik ikusentzule askok jakin-mina izango dute Plummer-en antzezlana ikusteko, eta oso ona izan arren, askoz interesgarriagoa da Michelle Williams-ek boteretsuki aurrera daraman pertsonaia eta egiten duen antzezlana. Williams, Abigail Harris, Paul Getti III.aren amaren azalean sartzen da.

90. hamarkada amaieran estreinatu zen Dawson's Creek telesailari esker ezagutu genuen Williams, eta azken aldian, Blue Valentine edo Manchester by the Sea kalitate handiko film independienteetan ikusi ahal izan dugu. Oso aktore interesgarri bihurtzen ari den Williams-ek, kasu honetan, filmeko pertsonaia indartsuenari bizitza ematen dio. Bahiketaren istorioaren joan etorriez gain, istorio honetako puntu mamitusena proposatzen duen ideia da: Harris, kapitalismo inperio basatienaren kontra; dirurik ez daukan ama baten ahalegina munduko diru guztia duen gizonaren arima esnatzeko, garbitzeko. Nahiz eta orain dela ia 50 urte gertatutako istorioa izan, izugarrizko gaurkotasuna dauka, gaur egunean mundu guztian zehar nagusi den kapitalismo basatiak gizakian sor dezakeen ondorioak ikusi ahal izateko.

 

Onena: Abigail Harrisek erakusten duen barru indarra Paul Gettiren inperioaren kontra.

Txarrena: Kalitate handiko super produkzio bat da, ez dago puntu txar esanguratsurik.

 

Fitxa teknikoa

Munduko diru guztia
  • Izenburua: Munduko diru guztia
  • Zuzendaria: Ridley Scott
  • Gidoilaria: David Scarpa, John Pearson
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Michelle Williams, Christopher Plummer, Mark Wahlberg, Timothy Hutton, Charleie Plummer
  • Musika: Daniel Pemberton
  • Iraupena: 132 min
  • Estreinaldi data: 2018-02-23T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.