Negua: Gizona bere bakardadean

Negua: Gizona bere bakardadean

Haizea Etxebarria Compes - 2017-07-31T13:48:00+02:00
Epaia:

Film luze honetan, natura, isiltasuna eta bakardadea dira pertsonaia nagusiak.  Patagonia hegoaldeko bazter galdu batean, bi pertsonen bizitza aurkeztuko dizkigu Emiliano Torres zuzendari argentinarrak: Bere bizitza guztia langile-buru bezala eraman duen gizon zahar, bakarti eta zakar batena eta bere langilerik onena bihurtuko den mutil gazte, isil eta langilearena. Bi bizitza: bata zikloaren hasieran, bestea zikloaren amaieran. 

Argazkigintza liluragarri baten bitartez, zinema eta literaturan jada gai klasikoa den gizona naturaren kontra ikustera eramango gaitu Torresek. Baina hau ez da filmaren gai garrantzitsuena. Natura bere askatasun eta krudeltasun guztian azaltzen bada ere, ez da bi pertsonaia nagusi hauen etsai, beraien barru adierazpen baizik. Bazter galdu honetan, negua gorria da, bai, baina sekula ez pertsonen arteko erlazioak bezain latza. Hopper-en pinturak diruditen plano boteretsuek, gaur eguneko gizarteetan aurrera egitea zein latza den erakutsiko digute.

Existentzialismoaren oinarri diren komunikazio arazoak, bizitzaren zentzu eza eta bakardadea azaltzen dira nonahi, amaierara arte ezagutuko ez dugun gaur eguneko sistema ekonomikoaren kritika, filmaren muina bilakatzen den arte.

 

Onena: Zuzendariaren gaitasuna pertsonaien sentimenak ikus-entzuleak bere azalean sentiarazteko. Zer esan argazkigintza liluragarriari buruz... eta ezin ahaztu gaur egungo gizarte kapitalistari eginiko kritika xume baina eraginkorra.

Txarrena: Posible da pelikularen erritmo pausatu eta plano luzeengatik apur bat motela bihurtzea ikus-entzulearentzat. Hala eta guztiz ere, animatzen zaituztegu isiltasunean oinarritutako plano luze hauetan galtzera, merezi dute eta!

 

Fitxa teknikoa

Negua
  • Izenburua: Negua
  • Zuzendaria: Emiliano Torres
  • Gidoilaria: Emiliano Torres, Marcelo Chaparro
  • Herrialdea: Argentina
  • Antzezleak: Alejandro Sieveking, Cristian Salguero, Adrián Fondari, Pablo Cedrón, Mara Bestelli, Violeta Vidal
  • Musika: Cyril Morin
  • Iraupena: 95 min
  • Estreinaldi data: 2017-07-28T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.