Oreka ahula: Jose Mujicaren mezuaren garrantzia

Oreka ahula: Jose Mujicaren mezuaren garrantzia

Sara Sebastián Pérez - 2016-12-22T19:30:00+01:00
Epaia:

Bizitza auzi bat da… Auzi guztien auzia. Esaldi hau Jose Mujica, Uruguaiko presidente ohiaren, azkenengo esaldietako bat da eta, zalantzarik gabe, ia ordu eta erdi batean lan honen zuzendariak (Guillermo Garcia) kontatu nahi digunaren laburpen onena da.

Beste edozein ideiaren gainetik, Oreka ahula bizitzaren aldeko oihu bat delako. Baina benetako bizitzarena. Ez leku batetik bestera korrika daramagunarena, ez lana helburu duenarena, ez iraganeko mamuekin borrokan gaituenarena. Ez. Guk gure erabakien jabe garen bizitzarena.

Jose Mujica da eguneroko hiru istorioen halabeharrezko narratzailea, hiru kontakizunak elkar lotzen dituen ahotsa: Melillako hesia zeharkatu nahi duten etorkin talde bat, emaztearen minbizia sendatzeko behar ziren medikamentuetan aurrezki guztiak gastatu zituen gizon “okupa” bat, eta egunero 20 ordu inguru lan egiten duen bizitzarik gabeko exekutibo japoniar bat.

Denak protagonistak, denak gizarte kapitalistaren mutur ezberdinak. Txikitan ikasitako ezinbesteko helburuen eta benetan nahi dutenaren arteko amaigabeko oreka batean bizi diren gizakiak. Etorkinek euren familiekin bueltatzea nahi dute; baina nola azaldu guraso eta seme-alabak atzean uztea, Europako paradisura heldu gabe etxera bueltatzen badira? Okupa madrildarra trenbide inguruetan ibiltzen da askotan; baina nola etziko dio borrokari, egunero bere semeari bizitza merezi duela esaten dionean? Exekutibo japoniarraren ametsa bere kotxe berria hartu eta mundua ezagutzea da; nola saihestu lana galtzearen beldurra, jadanik aberatsak bagara ere

Argazki bikain bat erabiliz sustatzen den hausnarketa sakon eta interesgarri bat. Tamalez, artxiboko eta girotze irudien soberako erabilera, batzuetan, narrazioaren erritmo eteten du. Hala ere, ez dira dokumental interesgarri honek dituen bi akats handienak: emakume protagonista baten gabezia, eta ekoizpen osoa Mujicarekin izandako solasaldia bultzatzeko soilik eraiki denaren sentipen kutsua.

Baina hori ez da guztiz txarra, Uruguaiko presidente ohiaren hausnarketak entzuteko soilik dokumental hau ikustea merezi du eta.

 

Onena: Mujica, solasaldi bat eskaintzen duen une oro bezala.

Txarrena: Momentu askotan, solasaldi hori ez den beste guztia, interesgarria izanik, aitzaki bat dirudiela.

 

 

Fitxa teknikoa

Oreka ahula
  • Izenburua: Oreka ahula
  • Zuzendaria: Guillermo García López
  • Gidoilaria: Guillermo García López
  • Herrialdea: Spain
  • Antzezleak:
  • Musika: Zeltia Montes
  • Iraupena: 83 min
  • Estreinaldi data: 2016-12-23T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.