Passengers: Atsegingarria baina hankamotz gelditzen den epopeia bat

Passengers: Atsegingarria baina hankamotz gelditzen den epopeia bat

Zinema Uneak - 2016-12-29T16:08:46+01:00
Epaia:

 

Kritika hau idazterakoan, lehengo arazo batekin topatu naiz: zein da film honen generoa? Zientzi fikzioa? Komedia erromantikoa? Akzioa? Drama, edota drama filosofikoa hobeto esanda? Hor dago koska.

Zientzia fikzio filma bezala ez du berritasunik eskaintzen: planeta berriak kolonizatzea, gure ikus-entzunezko kulturan askotan ikusi dugun ideia bat da. Espazio zabalean eta segurtasun soka bati lotuta egindako ibilaldiak guztiz ustiatuta daude. Eta, ekoizpen honek argazkigintza txukun bat aurkezten badigu ere, ez du aurrekoetan ikusitakoa hobetzen.

Komedia erromantiko bat bezala oinarrizkoan kale egiten du: Jennifer Lawrence eta Chris Prattek ez dute inongo “kimikarik” euren artean. Hasieratik hain argi ditugu bikote bezala biziko dituzten gorabeherak, ezen bion edertasuna ez dela nahikoa euren maitasun-harremanak betetzen dituen minutuei indarra emateko. Gainera, betiko genero dinamika errepikatzen dute: Pratt arazo guztiak konpontzen dituen “zalduna” da; Lawrence, aldiz, arriskuan dagoen “neskatila”. Baina bion artean sortzen den maitasun-harremana ez da txarrena. Hollywoodek, amaiera biribilak edo “Happy End” faltsuak egiteko duen beharra baizik. Eta faltsua esaten dut, emakumezko protagonistaren garapena (eta une urri batzuetan erakusten diguten emakume indartsuaren ziskua) sinesgarriagoa eta interesgarriagoa izan zitekeen amaiera batera eramaten gintuelako. Baina ez, azkenean, eta nahita nahi ez, “Happy End” baten aurrean aurkituko gara; non, gainera, Lawrencek antzezten duen pertsonaiak bere amets guztiei uko egiten die. Ez, ez, eta ez.

Akzioa ere hankamotz gelditzen da ekoizpenak dituen 111 minutuetan zehar: espazio-ontziak duen arazoa “Super” Prattek konponduko du, bat-batean (eta zentzu handirik gabe) agertzen eta desagertzen  den hirugarren pertsonaia baten laguntza jaso ondoren. Gainera, istorioaren zati hau “Happy End” erromantiko madarikatua zuritzeko erabiltzen dutela dirudi.

Drama filosofikoa, istorioaren muina izan beharko litzateke, baina tamalez filmak ez du atal hori sakontzen. Kontakizunaren oinarria izan beharko litzatekeen galdera (Zer eramango zenuke uharte bakarti batera?) ezerezean gelditzen da. Pratten pertsonaiak urte bat ematen du luxuzko  espazio-ontzi batean bakarrik eta bakardadearen pisuak eragiten dion nekea argi ikusten da, baina gutxi gehiago. Gainera, emakume polit bat lotan ikustean bere arazo guztiak konpondu direla dirudi. Eta horrek bigarren hausnarketa interesgarri batera eramango gaitu: Ze eskubide dugu sentitzen dugun etsipena beste pertsona bati inposatzeko? Eta pertsona horri guk bizi dugun bakardadearen zigorra ezartzeko? Sakontasun handiko galdera hauek ere azkarregi ahazten dira: bost minututan eta tabernariarekin bitan hitz egin ondoren. Ezer gutxi eginda galtzen den aukera interesgarri bat.

Laburbilduz: azaltzen ez dakidan “zorte kosmiko” batek lagundua, pelikula atsegingarri batean bilakatzen den anabasa filmiko bat.

 

Onena: Michael Sheen, robot tabernaria.

Txarrena: Behin baino gehiagotan aipatu dudan “Happy End” madarikatua.

 

 

Fitxa teknikoa

Passengers
  • Izenburua: Passengers
  • Zuzendaria: Morten Tyldum
  • Gidoilaria: Jon Spaihts
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Jennifer Lawrence, Chris Pratt, Michael Sheen, Andy Garcia, Laurence Fishburne
  • Musika: Thomas Newman
  • Iraupena: 116 min
  • Estreinaldi data: 2016-12-30T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.