Pelé: Zinema ez da Futbolerako lekua

Pelé: Zinema ez da Futbolerako lekua

Lander Arteaga E. - 2016-12-29T19:22:41+01:00
Epaia:

 

Futbola eta Zinemaren arteko harremana zaila izan da betidanik. Egun, oraindik Futbolaren inguruko FILMA itxaroten dugu, bai letra larriz idatziko dugun lan hori. Eta, tamalez, oraindik itxaron beharko dugu; Pelé ez bai da ekoizpen hori.

Brasilgo futbolari famatuenaren inguruko pelikula honetan, bere lehenengo urratsak eta garaipenak biziko ditugu, baita porrotak ere. Baina dena sinesgarritasun falta kezkagarri batekin. Zimbalist anai brasildarrak zuzendu duten pelikula hau, Nike enpresak 90eko hamarkadan Brasilgo selekzioarekin egiten zituen iragarkien semeordea da. Musika, malabarismoak eta irribarre asko; baina futbol gutxi.

Egia da, malabarismoz beteriko une musikatuak alde batera uztean, Peléren haurtzaroa interesgarria izan daitekeela bizi izan zituen eragozpenengatik. Baina “Ginga”-z hitz egiten hasten direnean, berriro ere sinesgarritasuna galtzen da. Ez dut esan nahi kontatzen digutena ez zela horrela gertatu, ez. Baina errealitatea eta zinema ez dira gauza bera, eta askotan errealitatea pantaila batean sartzerakoan ez da sinesgarria.

Ez da pelikula txar bat, futbol zaleek gustuko izango dute. Benetako Pelé ere agertzen bai da. Baina niretzako 1981ean John Houstonek filmatutako Ihesa edo garaipenetik oso urrun dago. Ez dut esaten Sylvester Stallone, Michael Caine edote Pelé bera protagonista zituen film hau bikaina denik, baina behintzat argi zeukan futbola futbola zela; ez antzinako dantza ikusgarri bat. Ez. Futbola baloi batekin egiten den kirol bat da, ez da caopeira. 

Futbolaren inguruko FILMA itxaroten jarraituko dugu.

 

Onena: Futbola, Ginga eta musika bat egiten duten uneak. Ikusgarriak eta entretenigarriak.

Txarrena: Sekuentzia berberak. Filma eteten dute eta sinesgarritasuna pikutara bidaltzen du.

 

 

 

Fitxa teknikoa

Pelé, mito baten jaiotza
  • Izenburua: Pelé, mito baten jaiotza
  • Zuzendaria: Jeff Zimbalist, Michael Zimbalist
  • Gidoilaria: Jeff Zimbalist, Michael Zimbalist
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Kevin de Paula, Leonardo Lima Carvalho, Seu Jorge, Mariana Nunes, Milton Gonçalves, Seth Michaels
  • Musika: A.R. Rahman
  • Iraupena: 107 min
  • Estreinaldi data: 2016-12-30T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.