Power Rangers: Aurreikusi zitekeen baino abentura interesgarriagoa

Power Rangers: Aurreikusi zitekeen baino abentura interesgarriagoa

Zinema Uneak - 2017-04-06T01:42:11+02:00
Epaia:

Egia esanda Power Rangers telesailen inguruko zinemarako bertsioa martxan zegoela jakin nuenean, ez nuen itxaropen handirik izan. Gaztetan hainbestetan ikusitako telesail bat bazen ere, jatorrizko istorioen kalitatea -bai narratiban, bai teknikoki- nahiko kaskarra zen eta ondorioz ez nuen ezer berezirik espero. Gainera, duela urte batzuk Dragon Ball Evolution pelikularekin bizitakoa oraindik ere gogoan nuen.

Baina tira, nire aurreiritziak eta hitzak jan beharko ditut. Orain ikusi ahal izango dugun Power Rangers filma interesgarria, kalitate nabarmenekoa eta ikusgarria da. Bai, bai. Ez da pelikula bikain bat baina txukuna da. Bost protagonistei istorio propio bat ematen saiatu dira eta hori ere asko eskertzen da. Ez dira edonondik atera diren bost gazte estereotipatu, bakoitzak bere istorioaren ondorioz abentura honetan murgilduta ikusiko du bere burua.

Kontrako aldean, maltzurrak. Hauek bai, hauek batzuetan 90. hamarkadako telesailak gogora ekarriko dizkigute. Ez dira "masilla" famatuak baina itxura xelebrea dute. Hori bai, azkenengo  borrokan ez dira batere zekenak. Amaiera akzioz beteta dago eta istorioa nola jarraituko duen jakin nahian utziko gaitu.

Laburbilduz, argi badugu Power Rangersen inguruko film bat ikustera goazela oso ondo pasako dugu eta abentura dibertigarri eta entretenigarri batez gozatuko dugu. Baina ekoizpen hau epaitzeko premisa hori dela argi izan behar dugu: pelikula hau Power Rangersen inguruko film bat da.

 

Onena: Power Rangers film honetan ikusi dezakegun zaharberritzea. Gaztaroan ezagututako Rangersak dira, baina era berean guztiz berriak ere.

Txarrena: Agian bai istorioan bai pertsonaietan sakontasun pixka baten falta sumatzen da. Interesgarria eta bikaina izatearen arteko aldea hori bai da.

 

Fitxa teknikoa

Power Rangers
  • Izenburua: Power Rangers
  • Zuzendaria: Dean Israelite
  • Gidoilaria: John Gatins, Matt Sazama, Burk Sharpless, Michele Mulroney, Kieran Mulroney, Haim Saban, Shuki Levy
  • Herrialdea: USA, Canada
  • Antzezleak: Bryan Cranston, Elizabeth Banks, Bill Hader, Naomi Scott, David Denman, Becky G.
  • Musika: Brian Tyler
  • Iraupena: min
  • Estreinaldi data: 2017-04-07T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.