Psikonautak: Bizitza eta gizakiaren inguruko hausnarketa hunkigarri bat

Psikonautak: Bizitza eta gizakiaren inguruko hausnarketa hunkigarri bat

Beñat Uribe-etxebarria - 2017-02-24T01:14:00+01:00
Epaia:

Psikonautak kalitatezko euskal-galiziar proiektu atsegin bat da. Irudiaren lanketa ezin hobea da, jatorrizko komikiaren estetikari leial. Hala ere, paperan falta zaion elementu garrantzitsu bat gehitu diote: kolorea. Aukera oso ona. Irudiak musika oso atsegin eta erabilgarri baten eskutik doaz, Aranzazu Callejaren lana.

Ahotsek pertsonaiei sinesgarritasun handiagoa ematen die, lekuz kanpo uzten dizun ahotsik ez baitago. Gainera, sorpresa on pare bat daude ahotsen artean, paper labur baina ikonikoekin.

Benetan azpimarratzekoa da droga-menpekotasunaren irudikapena, bai droga-menpeko bidaiena, bai eta menpekotasuna berarena. Kreazio-lan oso burutsu bat. Pertsonaien artean aurkitzen dut hainbeste landugabeko aparteko bat, harritu egin ninduena gainerako pertsonaien bidimentsionaltasunik ezaren aurrean: bi polizia txakurrak. Haien papera istorioan betetzen badute ere, bidimentsionaltasun horretan erortzen dira. Baliteke apropos egina egotea, poliziaren aurkako aldarrikapen bat egiteko, adibidez.

Film osoan espiral formako bide bat aurkezten zaigu, lerro zuzena izan beharrean. Ez dago benetan helmugarik. Bai pertsonaien buruetan, beharrak eraginda, baina ez errealitatean. Honek eramaten gaitu pesimismo errepikakor batera. Hasieran modu optimista batean amaiera zoriontsu bat espero dugu, segituan belztuko dena ondoren berriro ere esperantza izpi bat pizteko. Horrela behin eta berriro konturatzen zarenera arte filmak jolas hori darabilela gaur egungo errealitatea islatzeko irla distopiko horretan. Azkenean, baita eszeptikoenek amaiera zoriontsu horri heltzen diogu, eta errepikapen horren eraginez, amaierak istoriorik bukatzen ez duela dirudi, segituan beste zerbait etorriko balitz bezala. Nekagarria egiten da barne-sentimendu hori.

Filmak orokorrean bai artistikoki, bai film bezala, ikus-entzunezko lan on bat aurkezten digu; gomendagarria eta bertako kalitatea aldarrikatzeko modukoa. Ez du Disney film bat izan nahi, ezta saiatu ere, eta ikusleok asko eskertzen dugu.

 

Onena: Alegorien erabilera bikaina. Drogen eta gizakien sentimenduen inguruko hausnarketa ezin hobea.

Txarrena: Film bakar bat izatea. Horrelako asko beharko genituzke.

 

Fitxa teknikoa

Psikonautak, ume ahaztuak
  • Izenburua: Psikonautak, ume ahaztuak
  • Zuzendaria: Pedro Rivero eta Alberto Vázquez
  • Gidoilaria: Pedro Rivero eta Alberto Vázquez
  • Herrialdea: Galizia, Euskal Herria
  • Antzezleak: Andrea Alzuri, Eba Ojanguren, Josu Cubero, Ramón Barea, Paco Sagarzazu, Enrique San Francisco
  • Musika: Aranzazu Calleja
  • Iraupena: 76 min
  • Estreinaldi data: 2017-02-24T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.