Indarra heldua bilakatu da

Indarra heldua bilakatu da

Lander Arteaga E. - 2016-12-15T02:43:48+01:00
Epaia:

 

Inperioaren zabalkuntza. Erresistentziaren jaiotza. Heriotzaren Izarraren planoen lapurreta. Aita eta alaba baten arteko harremana. Pikaroz beteriko matxino talde bat. Dena, hastear dagoen gerra galaktiko baten erdian. Zein da zapalduak bizi direnen arma bakarra? Itxaropena, berriro aske bizitzeko itxaropena. 

Planteamendu honekin aurkeztu zen Rogue One filma, Star Wars: Itxaropen berria hasi aurretiko istorioa kontatuko zigun pelikula. Ez dakit zuek, baina hasieran nik ez nuen itxaropen handirik. Trilogia berri bat, eta erdian Star Wars istorioak izendatutako ekoizpenak. Diru mordoa lortzeko estrategia bikaina.

Baina, hara non, guztiz oker nengoen. Ez pixka bat, ez. Guztiz. A ze nolako lana Gareth Edwards egin duena! Agian, VII. Atala: Indarraren iratzartzea baino hobea. Dudarik gabe, V. Atala: Inperioaren kontraerasoa eta IV. Atala: Itxaropen berria alde batera utziz Star Wars sagaren filma onena. Une askotan bikaina, eta une oro sentsuduna. Zale amorratuak direnen eta ez direnen gozamena izango den film ikusgarri bat.

Nola lortu du Edwardsek halako emaitza bat? Berak azaldu duen moduan: “Nire filma urteak pasa hala klasiko bat bezala gogoratua izatea espero dut”. Horretarako, Star Wars unibertsoko ideia onenak hartu eta zinema klasikoenaren ideia bikain askorekin nahastu ditu. Oraingoan ez gaude zientzia fikziozko eta fantasiazko lan baten aurrean, ez. Oraingoan zinema belikozko ekoizpen baten aurrean. Zenbait unetan Navaroneko Kanoiak, beste batzuetan Hamabi Arloteak, beste batzuetan Jedi Zaldunaren itzulera filmaren bataila galaktikoa. Dena, ezagutzen dugun zerbaiten kutsua izango du; baina aldi berean berria izango da. Istorioa nagusitik kanpo egoteak eta film bakar bat izateak askatasun eta indar handia eman dio Rogue One pelikulari, eta Gareth Edwards zuzendariak oso ondo aprobetxatu du.

Mitologia zaharra ahaztu gabe, baina bere esklaboa izan gabe. Pertsonaia berriak ez dira heroi klasikoak. Batzuetan maltzurrak dirudite, gehien bat benetako gerra batean heroiak heroi klasikoak izateko aukerarik ez dutelako. Noiz behinka eskuak odolez beteko zaizkie, askatasuna lortzeko bidea hala exijitzen dielako. Hori bai, pertsonaia berri asko zaleen gogokoen artean sartuko dira. Akastunak, baina heroiak nahitaez.

Itxaropena. Hori da istorioaren ardatz nagusia eta hori da nik ere sentitu dudana. VII. Atalak fedea berreskuratzen lagundu bazidan, Rogue One filmak itxaropenez bete nau. Lehenengo hiru atalak atzean gelditu dira betiko. Star Wars heldutasunera ailegatu da. Urte askoz, Unibertso Hedatuan landutako narrazio estilo apurtzaileak filmetara heldu da. Rogue One ikustean Star Wars, eta zerbait gehiagoz, gozatuko duzue eta.

 

 

 

Fitxa teknikoa

Rogue One: Star Wars istorio bat
  • Izenburua: Rogue One: Star Wars istorio bat
  • Zuzendaria: Gareth Edwards
  • Gidoilaria: Chris Weitz, Tony Gilroy, John Knoll, Gary Whitta, George Lucas
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Felicity Jones, Diego Luna, Alan Tudyk, Donnie Yen, Wen Jiang
  • Musika: Michael Giacchino
  • Iraupena: 133 min
  • Estreinaldi data: 2016-12-15T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.