Saltzailea: Gizartearen inguruko hausnarketa bat, harremanen erradiografia bat

Saltzailea: Gizartearen inguruko hausnarketa bat, harremanen erradiografia bat

Zinema Uneak - 2017-03-03T08:10:00+01:00
Epaia:

Batek baino gehiagok pentsa dezake film honek Oscar saria irabaztearen arrazoi bakarra Trump presidenteak etorkinen inguruan sortutako polemikak direla. Eta ezingo du pentsamendu okerragorik eduki. Asghar Farhadi zuzendari irandarraren azken lana, berez, indartsua eta hunkigarria bai da; eta teknikoki modu bikain batean eraikita ere.

Saltzailea (Edo El viajante gazteleraz) filmak Iranera eramango gaitu, Emad eta Rana bikotearen egunerokotasunera. Gertaera batek bion artean duten harremana suntsitzen hasiko da. Desegite horren arrazoi nagusia ez da zehazki une horretan bizitako hori izango, bakoitzak aurrez gordeta zituen beste hamaika irain baizik. Iranen kokatzen duen narrazio bat, baina denok gurea sentitu duguna.

Hori bai da Asghar Farhadi zuzendariaren maisutasunaren gakoa: edozein istorio edo kontaketa unibertsala bilakatzeko gaitasuna. Baita pertsonaiak une guztietan ulergarriak bilakatzeko trebezia. Une batean Emaden alde jarriko gara, baina hurrengo batean Ranaren arrazoiak eta ikuspuntuak ere ulertu ditugu. Joan etorri horien bitartez gure barnean sortaraziko duen tentsioa da lan hau zoragarria bihurtzen duena.

Lan xume baina sakon bat. Ekoizpen elegante eta ausart bat. Urtero sari banaketen garaian ezagunak egiten diren film bikain horietako bat.

 

Onena: Istorioak kontatzeko modua.Asghar Farhadik Iranen bizitzen den harreman bat gurea balitz bezala sentiarazteko duen gaitasuna.

Txarrena: Lan hau ezaguna egin den arrazoi nagusia: Trump presidentea. Ekoizpenaren inguruan sortutako hizka-mizka bere benetako kalitatea, nolabait, estaldu bai du.

 

Fitxa teknikoa

Saltzailea
  • Izenburua: Saltzailea
  • Zuzendaria: Asghar Farhadi
  • Gidoilaria: Asghar Farhadi
  • Herrialdea: Iran, France
  • Antzezleak: Taraneh Alidoosti, Shahab Hosseini, Babak Karimi, Mina Sadati, Farid Sajjadi Hosseini, Emad Emami
  • Musika: Sattar Oraki
  • Iraupena: 125 min
  • Estreinaldi data: 2017-03-03T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.