Stalinen heriotza: Barrez lehertzeko satira zoragarri bat

Stalinen heriotza: Barrez lehertzeko satira zoragarri bat

Lander Arteaga E. - 2018-03-09T07:04:00+01:00
Epaia:

Film hau hobeto ulertzeko bere jatorrira joan behar dugu, zehazki, telebistara; nora eta Veep telesail zoragarrira. Komedia fin honen zuzendari eta gidoilari nagusia Veep telesailaren sortzailea delako: Armando Iannucci. Eta Stalinen heriotzak aurretik sortu eta zuzendutako telesailaren osagai asko biltzen ditu.

Komedia satiriko baten aurrean gaude. Historiaren une gogor batean kokatuta (Stalinek Sobietar Batasunean bereizi gabeko garbiketak egiten zituenekoa) eta benetako pertsonaiak hartuz (Malenkov, Khrushchev, Molotov, Beria edota Stalin bera), Iannucik bere arkatza zorroztu eta eldarniozko istorio bat eta nortasun "ero" eta burugabe zoragarri batzuk sortu eta nahasten ditu. Hasieratik amaierara pelikula honek irribarre bat aterako dizu, eta una askotan algara nabarmenak ere bai. Dena zentzugabekeria bat da bai, baina hori da zoragarriena.

Azpimarratzekoa ere aktoreen lana. Steve Buscemi, Simon Russell Beale, Jason Isaacs, Michael Palin, Andrea Riseborough, Jeffrey Tambor edota Adrian McLoughlin bikain daude denak. Buscemiren (Khrushchev) eta Simon Russel Bealen artean (Beria) sortzen den dinamika, solasaldi ezkutuak eta "borroka" ikuslearen gozamena izango da. Gidoi zoragarri bat, ondo pasa duten eta bikainak diren aktore sorta batekin. Beti funtzionatzen duen formula bat.

Dudarik gabe, urte honetako lehenengo hiru hilabete hauetan estreinatu den komediarik onena. Satira politiko bat nola egin behar den erakusten duen lan fin, eta aldi berean zorrotz, bat. Ondo pasatzeko aukera onena.

 

Onena: Umorearen sotiltasuna, solasaldien zorroztasuna edota aktoreen lan bikainak. Halako film bat primeran amaitzeko hiru elementu horiek ezinbestekoak dira. Bat edo bi lortuta film entretenigarri bat lortzen da. Kasu honetan bezala, hirurak lortzen badituzu lan zoragarri eta dibertigarri bat osatzen duzu.

Txarrena: Halako film gehiago ez estreinatzea. Hamaika gertaera eta istorio daude historian zehar halako pelikula bat merezi dutenak. Hemendik gehiago egiteko deialdia zabaldu nahi dugu.

 

Fitxa teknikoa

Stalinen heriotza
  • Izenburua: Stalinen heriotza
  • Zuzendaria: Armando Iannucci
  • Gidoilaria: Armando Iannucci, David Schneider, Ian Martin, Peter Fellows, Fabien Nury
  • Herrialdea: France, UK, Belgium
  • Antzezleak: Steve Buscemi, Simon Russell Beale, Jeffrey Tambor, Olga Kurylenko, Paddy Considine
  • Musika: Christopher Willis
  • Iraupena: 106 min
  • Estreinaldi data: 2018-03-09T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.