Tanna: Arau guztiak apurtu zituen amodio istorio arrotz bat

Tanna: Arau guztiak apurtu zituen amodio istorio arrotz bat

Beatriz Castellón - 2017-07-26T11:03:42+02:00
Epaia:

Tanna estreinaldi lan bat da. Martin Butler eta Bentley Dean dokumentalisten fikziozko lehenengo lana da. Aktoreak ere berriak dira, antzinako tribu batekoak, filmaketaren lehenengo egunera arte euren bizitza osoan zehar kamerarik ikusi ez zutenak. Hala ere, lehenengo film bat izanda ere, Tannak benetako lirikotasuna helarazten du.

Mende hasieran, Martin Butlerrek eta Bentley Deanek  Tanna ezagutu zuten, eta momentuan maitemindu ziren. Dean bere familia hartu eta zazpi hilabetez Yakel tribuarekin bizitzera joan zen. Uhartean Historia eta ohituren inguruan hitz egin zuten, film honetan kontatzen den 1987ko zorigaitza ahaztu gabe.

Drama honek Yakel tribuko bi gazteen amodioa kontatzen digu, arauak errespetatzearen eta euren amodioari leial izatearen artean izan zuten eztabaida ardatz nagusia izanik; nahiz eta horrekin beren tribua arriskuan jarri. Erabaki horrek zauri sakon bat utzi zuen yakeltarren artean. Horregatik filmean aktoreek ez dute dramatizaziorik egiten, bakoitzak sentitutako minarekin konektatzearekin nahikoa dute eta. Eta zehazki, hor datza lan honen freskotasuna, eta egia horrek ikusleak eta kritika hunkitu ditu.

Bitxitasunez beteriko estalki zoragarri batekin gainera: antzinako ohiturak, paradisutik ateratako paisaiak, poesia diren hamaika irudi,… Guzti hau osatzeko pelikula arbasoen hizkuntzan filmatu da, nauvhalen. Horregatik jatorrizko hizkuntzan ikustea gomendagarria da, originaltasun izpirik ez galtzeko.

Tanna gauzak xume eta zintzoetan dagoen edertasunaren isla da, begiratzen dituen edonor hunkitzeko gaitasuna dutenak. Jaso dituen sariek – Kritikaren saria eta Argazkirik onena Veneziako zinemaldian eta Oscar sarietarako izendapena – lanak duen kalitatea berresten dute, eta azken urteetako etnografia-zinemaren pelikula garrantzitsuenetako batean bilakatzen dute.

 

Onena: Argazkia. Hasieratik amaierara arte irudiak poesia dira. Paradisu batetik atera diren paisaiez inguratuta zaudenean, lirika kameraren pixel guztietan islatzen da.

Txarrena: Batzuetan, tentsio dramatikoa galtzen da, baina lehenengo filma izanik nahiko ondo landuta dago.

 

Fitxa teknikoa

Tanna
  • Izenburua: Tanna
  • Zuzendaria: Martin Butler, Bentley Dean
  • Gidoilaria: Martin Butler, John Collee, Bentley Dean
  • Herrialdea: Australia, Vanuatu
  • Antzezleak: Mungau Dain, Marie Wawa, Marceline Rofit, Charlie Kahla, Albi Nagia, Lingai Kowia
  • Musika: Antony Partos
  • Iraupena: 104 min
  • Estreinaldi data: 2017-07-28T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.