Teresa eta Galtzagorri: Magiaz beteriko euskal ekoizpen zoragarri bat

Teresa eta Galtzagorri: Magiaz beteriko euskal ekoizpen zoragarri bat

Lander Arteaga E. - 2017-02-03T06:57:06+01:00
Epaia:

Ipuin txiki batzuetatik jaiotako film luze hau zoragarria dela esateak, agian, ez du ezer zehatzik esan nahi. Zoragarria izan liteke eta aldi berean lan kaskar bat izatea. Baina zorionez ez da gure kasu. Teresa eta Galtzagorri filmak ipuinek duten magia hartu, zinemaren mundura moldatu eta bizkortuta itzultzen digu ekoizpenaren minutu guztietan zehar. Ez da hitzekin erraz azaldu daitekeen sentsazio bat, ez. Umeek sentitu dezaketena eurek bakarrik ulertuko dute, gure laguntzarik gabe. Pertsonaiak eta istorioak animazioaren bidez osatzeko moduak gure barnean nolabaiteko sentimendu gozo bat sortaraziko du.

Teresa eta Galtzagorrik ez du Disney edo Pixarren filma batek dituen baliabideak, baina ez ditu behar. Bere helburua ikusgarritasuna baino sentimenduak piztea bai da.

Animazioa ere oso interesgarria da. Marrazki eratzeko teknika interesgarri bat erabiliz eta kolore sorta deigarri eta indartsu bat aurkeztuz. Pantailan ikusiko duguna atsegina eta erakargarria izan da gure begientzako. Musikak, aldiz, hausnarketa sakonago bat mereziko luke. Joseba Beristainek osatu duen soinu banda pelikularen osagai bat baino pertsonaia propio bat da, Teresa edota Tim bezalakoa. Maitasunez eta une oro arreta galdu gabe sortutako doinu sorta baten aurrean gaude. Sentimenduak eta akzioak azpimarratzen dituen musika bat, istorioaren magia sustatzen duen elementu zoragarri bat.

Ez da ohikoa halako euskal ekoizpen bat zinema-aretoetan ikustea, askotan oso zaila bai da halako pelikula bat estreinatzea. Baina zorionez Teresa eta Galtzagorri indarrez heldu da gure aretoetara. Orain, indar hori sustatu dezagun filma ikusten. Gure inguruko ume eta haurrek asko eskertuko digute halako pelikula bat ikustera eramaten baditugu. Hainbeste magia duen pelikula bat Zinemarekiko zaletasuna pizteko bikaina bai da.

 

Onena: Teresa eta Timen adiskidetasuna. Bien arteko dinamika zoragarria bezain dibertigarria iruditu zait.

Txarrena: Halako lan bat salbuespen bat izatea. Euskal Zinemak halako ekoizpenen alde apustu bat egin beharko luke, denok asko irabaziko genuke eta.

 

 

Fitxa teknikoa

Teresa eta Galtzagorri
  • Izenburua: Teresa eta Galtzagorri
  • Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga
  • Gidoilaria: Juan Luis Carreras
  • Herrialdea: Euskal Herria
  • Antzezleak:
  • Musika: Joseba Beristain
  • Iraupena: 75 min
  • Estreinaldi data: 2017-02-03T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.