Tom of Finland: Ilustrazioa LGTB eskubideen alde borrokan

Tom of Finland: Ilustrazioa LGTB eskubideen alde borrokan

Haizea Etxebarria Compes - 2017-07-07T10:09:08+02:00
Epaia:

Touko Valio Laaksonen Tom of Finland goitizenaz ezagutzen den ilustratzaile finlandiar bat izan zen. Film honek bere bizitza eta bere lana aurkezten dizkigu, baina ez da ilustratzaile baten bizitzaz bakarrik ari, Dome Karukoski zuzendari finlandiarrak askoz harantzago eraman nahi gaitu. Biografia hau berez, historian zehar LGTB komunitatearen eskubideen aldeko borroka erakusteko aitzakia bat besterik ez da. Arteak gizartean duen eragin eta indarrarekin batera.

Zuzendariak Bigarren Mundu Gerraren atarian hasi eta 90. hamarkadan bukatzen den bidaia batean murgiltzen gaitu. Filmean zehar bi hari paralelo eta bateraezin jarraituko ditugu: alde batetik, bere sexualitatearen eta gizartearen onarpenaren artean ilustratzailearen barne borroka. Bestetik, bere ilustrazio homoerotikoen borroka; Artearen munduan beraien lekua aurkitu eta lotsarik eta zentsurarik gabe hedatzeko nahia.

Filmaren ideia nagusia oso aberats eta interesgarria izan arren, azkenean emaitza motz geratzen da. Dome Karukoski zuzendariaren beste film batzuekin konparaketa egiten badugu, ikuslearen barnean sortzen duen talka oso arina, txikia da. Nahiz eta gaia oso ezberdina izan, 2013. urteko Heart of Lyon filmaren pertsonaia nagusiak sorrarazten duen barne mugimendua, zirrara, enpatia, ez dugu Tom of Finlanden sentitzen. Ez gara pertsonaia nagusiaren borrokaren parte hartzaile bihurtzen, ikusle xume baizik.

Hala eta guztiz ere, Karukoskik seguruenik lehenago ikusi ez dugun historia erakusten digu: Poliziaren errepresio basatiaren eta gerrateen atzamarretatik ihes, klandestinitatean bizi eta aurrera egin nahi duen komunitatearen bide gogor eta era berean hunkigarriarena.

 

Onena: Batez ere Bigarren Mundu Gerran LGTB komunitateak klandestinitatean elkar ikusi, harremanak izan eta komunikatzeko erabiltzen zituen baliabideak ikusi ahal izatea. Historia orain arte ikusi ez dugun ikuspuntu batetik gozatzeko aukera.

Txarrena: Barne mugimendu, zirrara, emozio eza.

 

Fitxa teknikoa

Tom of Finland
  • Izenburua: Tom of Finland
  • Zuzendaria: Dome Karukoski
  • Gidoilaria: Noam Andrews, Aleksi Bardy, Aleksi Bardy, Aleksi Bardy, Mark Alton Brown, Dome Karukoski, Susanna Luoto, Kauko Röyhkä, Mia Ylönen
  • Herrialdea: Finland, Sweden, Denmark, Germany, USA
  • Antzezleak: Jakob Oftebro, Werner Daehn, Jimmy Shaw, Jessica Grabowsky, Lauri Tilkanen, Pekka Strang
  • Musika: Lasse Enersen
  • Iraupena: 115 min
  • Estreinaldi data: 2017-07-07T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.