Tomb Raider: Etorkizun handiko hasiera berri bat

Tomb Raider: Etorkizun handiko hasiera berri bat

Lander Arteaga E. - 2018-03-16T06:04:00+01:00
Epaia:

Hemen da azkenik mende berri honetako Lara Croft eta ez du inor hotz utziko. Gaur egungo film bat, aurrez, mende honetan ere bere jatorria berridatzi zuen pertsonaia batentzako. Baina hori ona ala txarra al da? Hor dago koxka.

Niretzako ona da. Proiektu honek ireki nahi duen bidea ikusgarria izan daiteke ondo landuz gero. Zergatik? Gehien bat protagonista hautatzerakoan bete-betean asmatu dutelako. Alicia Vikander Lara Croft berea egin du eta bera da blockbuster honen izar distiratsuena. Lan bikaina berea.

Hori bai, Geneva Robertson-Dworetek idatzitako istorioa ahaztu gabe. Une batzuetan erritmoa behera egiten badu ere, Lara aurkezteko modua, bere jatorriak kontatzeko bidea, ikusleak harrapatuko ditu. Akzioa protagonista duen amaiera eroa ere ikusgarria da. Bideo-jokoen kutsua bereganatuz. Dungeons & Dragons berria, Sherlock Holmes 3 edota Marvel kapitaina bere eskuetan daude, seinale ona.

Eta lan honen Hirutasun Santua osatzeko ezin dugu Roar Uthaug ahaztu. Zuzendari norvegiarrak Olatua pelikulan erakutsitako neurritasuna hemen ere azaltzen da eta abentura amaigabe honek asko eskertzen du. Akzioz beteriko uneetan efektu digitalak egiten duten lana errazten eta sinesgarriagoa egiten duelako, eta sentimenduak protagonista diren uneetan emozioaren efektua indartzen duelako. Lara Croft berriaren aurkezpen honetarako zuzendari egokia emaitza ikusita.

Baina ez da dena zoragarria XXI. mendeko Tomb Raider honetan. Lara Croften inguruan agertzen diren beste pertsonaia nagusiak (Lu Ren, Richard Croft edota Vogel maltzurra) osatu gabe gelditzen dira. Sakontasun falta hori euren ibilbidea eta eragina murrizten dutelarik. Eta noski, Vikander zoragarri baten ondoan txiki agertzen dira. Gainera, istorioaren erdialdeak erritmo arazoak ditu. Hasiera eta amaieraren erritmoa moteltzen da eta ez dio tarte horri inongo faborerik egiten. Pena bat, zeren eta hori zuzenduta filma asko hobetuko luke.

Laburbilduz, hasiera ikusgarri eta entretenigarri bat. Baina ororen gainetik etorkizun zoragarri bati sustrai sakonak eskaintzen dizkion proposamen bat. Orain gure eskuetan dago, ikusleen eskuetan. Film honetaz gozatzeko kapaz bagara, Alicia Vikanderrek Lara Croft gehiago eta hobeago eskainiko digunaz ziur nago eta.

 

Onena: Alicia Vikander. Filmak duen elementu onena. Bera da Lara Croft orain, eta Angelina Joliez azkar ahaztuko gara.

Txarrena: Vikader zoragarri badago ere, aurrean dituen pertsonaiak eta aktoreak txiki gelditzen dira bere indarraren aurrean. Film erdiko tartea moteldu egiten da, eta horrek gure arretari kalte egingo dio.

 

Fitxa teknikoa

Tomb Raider
  • Izenburua: Tomb Raider
  • Zuzendaria: Roar Uthaug
  • Gidoilaria: Geneva Robertson-Dworet
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Alicia Vikander, Walton Goggins, Dominic West, Daniel Wu, Alexandre Willaume, Leo Ashizawa
  • Musika: Nathan McCree
  • Iraupena: 118 min
  • Estreinaldi data: 2018-03-16T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.