Tximinoen Planetaren Gerra: Tximinoak gizakiak bilakatzen direnean, eta alderantziz

Tximinoen Planetaren Gerra: Tximinoak gizakiak bilakatzen direnean, eta alderantziz

Lander Arteaga E. - 2017-07-10T22:20:15+02:00
Epaia:

Hasieratik, Tximinoen trilogian gizakien eta tximinoen arteko lehia izan da ardatz nagusia. Hala ere, lehenengo filmean (Tximinoen planetaren jatorria) Cesar eta tximino azkarren jatorria ezagutu genuen eta bigarrenean (Tximinoen planetaren igoera) tximinoen arteko desadostasunak izan ziren nagusi. Orain bai, gizaki eta tximinoen gerraren garaia da. Baina kontuz, ez dugu gerra handi eta ikusgarri bat ikusiko. Aurreko filmetan bezala tximinoen eta gizakien izaerak eta erantzunak aztertzeko balioko digun konfrontazio bat biziko dugu. Protagonista nagusia den Cesar eta Koronelaren artekoa.

Spoilerrik ez botatzeko ez dizuet xehetasun gehiagorik emango, eta aldiz pelikula zoragarri eta hunkigarri honen onurez hitz egingo dut. Tximinoen planetaren gerra ez da lan homogeneo bat, ezin dugu esan akzio film bat denik. Ezta abentura pelikula bat edota road movie bat. Drama bat ere bada, baina askoz gehiago ere. Lan konplexu baten aurrean aurrean gaude, Tximinoen trilogia berri honen lanik onenaren aurrean. Aurreko lanetan landutako ideia nagusia (Tximinoen eta gizakien izaerak) hemen harago doa, eta bi arraza hauen arteko paperak behin betiko aldatzen ditu: Tximinoak gizakiak bihurtzen dira (zentzudunak, arduradunak, sentikorrak,...), gizakiak aldiz basatiak bilakatzen dira (errukigabeak, eroak, obsesiboak, zentzugabeak,...). Gure ongizatea eta boterea galtzean gizaki moduan zer izatera heldu gaitezkeen ikusiko dugu.

Eraldaketa honen adibide nagusia, nola ez, Cesar izango da. Aurretik erakutsitako gizaki-portaerei berri bat batuko zaio, gizakiago bihurtuko duena: mendeku nahia. Amorrua, gorrotoa, odol-nahia. Cesar gizaki oso batean bilakatuko da film honetan. Aurrean Koronela pertsonaia izango du, une askotan Apocalipse Now pelikulako Kurtz koronela burura ekarriko diguna. Biek aurrean dutenaren nemesiaren papera jokatuko dute, bata eta bestea ezinbestekoak euren garapena ulertzeko eta indartzeko.

Trilogia bikain honen agurrean, Matt Reeves zuzendariak bere lan txukunena osatzea lortzen du. Gizatasunaren hausnarketari akzioz beteriko istorio indartsu bat batzen diolako, aldi berean lana ikusgarria eta hunkigarria bilatuz. Hori bai, izan guztien artean bat goraipatu behar da: Andy Serkisena. Aurreko bi filmetan ikusitako lanaren ostean Cesarren pertsonaia hobeago ezin zela izan uste bagenuen, Serkisek gure aurreiritziak pikutara bidaltzen ditu. Bera da filma, bera da lan honen arima. Bere lana saritua izan beharko litzateke behingoz.

Laburbilduz, lan zorrotz eta zoragarri bat trilogia sakon eta interesgarri bati amaiera emateko. Etorkizunean halako lanak faltan botako ditugula uste dut, ea oker nagoen.

 

Onena: Andy Serkis/Cesar, Cesar/Andy Serkis. Bata eta bestea. Cesar, ikusgarria delako. Digitalki sortutako pertsonaia perfektua. Andy Serkis, bere aktore lana gabe teknika guztiak ez duelako ezertarako balio. Bera da Cesar, nahiz eta digitalki estalita egon. Bere lana, bai pelikula honetan baita aurreko bietan ere, sari bat merezi du. Sekulako aktore eta pertsonaia.

Txarrena: Hemen amaitzen dela Tximinoen planetaren jatorriarekin hasitako bidaia. Hemen esaten diogula agur gizakiak protagonista nagusiak ez dituen gizateriaren inguruko trilogia zoragarri bati. Agur eta ohore.

 

Fitxa teknikoa

Tximinoen Planetaren Gerra
  • Izenburua: Tximinoen Planetaren Gerra
  • Zuzendaria: Matt Reeves
  • Gidoilaria: Mark Bomback, Rick Jaffa, Matt Reeves, Amanda Silver
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Andy Serkis, Toby Kebbell, Judy Greer, Woody Harrelson, Steve Zahn, Ty Olsson
  • Musika: Michael Giacchino
  • Iraupena: 142 min
  • Estreinaldi data: 2017-07-12T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.