Zure izena esango dut: Minaren baliogabetasuna

Zure izena esango dut: Minaren baliogabetasuna

Lander Arteaga E. - 2017-01-26T20:24:03+01:00
Epaia:

 

Afrikan eta bertara laguntza humanitarioa ematera joaten diren medikuen inguruko film batean euren lana bigarren platera bada, eta ez nagusia, zerbait ez dago ondo. Bertan bizi den egoera lazgarria amodio istorio batekin gozatu nahi baduzu, ondo; baina legezkoa ez dena da amodio istorio horrek edozein salaketa kutsu estaltzea. Ez, hori ez da bidezkoa. Hotel Rwanda edota Eskoziako azken erregea filmen parean egon litekeen proiektu bat, lan desegoki eta zentzugabe batean bilakatzen da.

Agian, arduradunaren izena da mingarriena: Sean Penn. Aktore giza Harvey Milk edota Gautu aurretik bezalako filmetan parte hartu duen pertsona batek ezin du Zure izena esango dut bezalako lan bat burutu. Buru galdu al du? Zergatik eztitu errealitatea? Zergatik estali Sudanen bizi den gatazka amaigabe eta bihozgabea? Ez dut ulertzen, zergatik Sean? Non daude minutu gehienetan egoera horien benetako protagonistak? Non daude afrikarrak? Ez, gure kontzientziak zurituko dituzten lan bat egitea ez da nahikoa. Mendebaldea errudun da –bai enpresak, bai gobernuak, eta baita ere Gobernuz kanpoko erakunde askok-, hori argi utzi duzu… baina zergatik ez horretan eta jarrera horien ondorioetan sakondu?

Hala ere, Sean Penn ez da zentzugabekeria honen errudun bakarra. Zer pentsatzen ari ziren Charlize Theron eta Javier Bardem proiektu honetara batzerakoan? Eta are gehiago, zer zuren buruan filmatzen ari zirenean? Zuzendari eta bi aktore bikain eta emaitza ahaztekoa.

Hala ere, dena ez da txarra. Filmean badaude gure kontzientziak zanpatuko dituen hainbat une –gidari afrikarraren ingurukoa oso gogorra da-. Baina, nire amorru guztia galdutako aukerak sortzen du. Bikaina izan zitekeen istorio bat ezerezean gelditzearen amorrua.

 

Onena: Une gutxitan erakusten den Afrikako errealitatea. Hunkigarria.

Txarrena: Galdutako aukera. Amodio istorioak edozein salaketa aukera estaltzen du.

 

 

Fitxa teknikoa

Zure izena esango dut
  • Izenburua: Zure izena esango dut
  • Zuzendaria: Sean Penn
  • Gidoilaria: Erin Dignam
  • Herrialdea: USA
  • Antzezleak: Charlize Theron, Jared Harris, Javier Bardem, Adèle Exarchopoulos, Jean Reno, Sibongile Mlambo
  • Musika: Hans Zimmer
  • Iraupena: 132 min
  • Estreinaldi data: 2017-01-27T00:00:00

Iruzkina gehitu

Webgunean sartu behar duzu iruzkinak gehitu ahal izateko. Twitter edo facebook bidez egin dezakezu.